Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Yemengo gerraren soka heldu da Sokotrara

Albistea bera baino are deigarriagoa izaten ari da haren trataera. Trataerarik eza, alegia. Edo estatu batek beste estatu bateko lurraldea indar militarrez inbaditzeak albiste izateari utzi ote dio? Litekeena da.

Egia da Sokotra ez dela Kuwait. Sokotrak ez duelako petroliorik. Horren ordez, Kuwaitek berak baino kokapen estrategikoagoa du, munduko petrolioaren zati handi batek handik gertu ibili behar duelako. 1990eko abuztuan gertatu zenarekin alderaketak egin nahi dituenarentzat, diot...

Maparik izango ez balitz, nabigatzaileek eta naturazale porrokatuek bakarrik jakingo lukete non dagoen Sokotra. Afrikako Adarraren puntan dagoen irla hori da (bueno, lau dira; baina bat, Sokotra, Araba baino handixeagoa, da nagusia, luzaz). Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen duela hamar urte, bertako naturaren berezitasun apartagatik.

Politikoki ere nahiko berezia dela esan genezake. Geografikoki afrikartzat jotzen bada ere, urrutiago dagoen Yemenen agindupekoa izan da «betidanik», bai britainiar kolonialismoaren garaietan, baita geroztik ere. Bertako 60.000 biztanleak ere yemendarrak baitira, gehien-gehienak. Gerra zibiletik urruti, Yemengo «gobernu ofiziala» omen denaren agindupean zegoen. Joan zen ostegunera arte.

Egun horretan, Arabiar Emirerri Batuetako lau hegazkin militar lurreratu ziren Sokotrako aireportuan (hiru kilometroko pista du; era guztietako hegazkinak hartzeko azpiegitura ezin estrategikoagoa da, beraz). Hegazkinetan zetozen soldadu emirerribatuarrek, instalazioaz jabetu, eta inguruko soldadu yemendar bakanak menderatu zituzten. Ondorengo orduetan, Emirerrietako hainbat barkuk tankeak eta gainerako tresneria militarra lehorreratu zuten Sokotrako portuan. 99 urterako «alokairuan hartu» dutela entzuten omen da. Bertakoak, kalera irten omen dira, aurka.

Teorian, Yemengo «gobernua» eta Emirerriak aliatuak ziren. Praktikan, inbasio arrunta ematen du. Ala ez?