Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Caroline Ciavaldini frantziarra «hargin» bihurtu da

Eskalada tradizional britainiarrean sona handia duen «The Quarryman» bidea (E8 7a) igo berri du; hori egiten lehen emakumea izan da. Duela 32 urte zabaldutako marra horren «The Groove» izeneko luzeak (8a) eskalada estilo oso berezia du.

Eskaladaren munduan, Caroline Ciavaldinik izen handia du. Nahiz eta bere hastapenetan kirol eskaladan hartu zuen protagonismoa, egun bai hormatzarretan bai eskalada tradizional britainiarrean ospea du. Hein handi batean, horren “errua” eskalatzaile frantziarraren bikote James Pearsonek du. Izan ere, bi estilo horietan murgiltzeko “pozoia” sartu zion.

Ciavaldiniren xede handiena Gran Capucinen dagoen “Petit” bidea (8b) izan da. Baina bere azken jarduna ez da atzean geratu. Alpeetako hormatzar horren bidea askatu ondoren, bere indarrak trad-ean jarri ditu; hain zuzen ere, Galesen dagoen arbelezko Twll Mawar izeneko harrobian. Bai, harrobian; batere atsegina ez den ingurua bada ere, pareta haietan sona handia duen bide bat dago: “The Quarryman”.

Bada, frantziarrak marra hori eskalatu berri du; eta hori egiten lehen emakumezkoa izan da. Bide ikoniko hori 1986. urtean Johny Dawesek zabaldu zuen. Eta hiru hamarkada baino gehiago igaro badira ere, aurreratu dezakegu igoera gutxi batzuk baino ez dituela. Azkena, Ciavaldinirena. Kontuan hartzeko beste datu bat: behetik hasita eta etenik gabe lortu zen lehen igoera Steve McClurek 2011. urtean erdietsi zuen.

Historia handia duen bide horrek 80 metro eta lau luze ditu. Lehen bi luzeak trad estiloan eskalatzen dira: E6 6c eta E5 6b. Hirugarrenak, berriz, 8a zailtasuna du. “The Groove” izena hartu du, eta eskalatzaile askorentzat munduko tximinia diedro gogorrenetarikoa da. Azken luzea plaka tekniko bat da: 7c+. Bidearen zailtasun orokorra E8 7a da.

Agian, zenbaki horiek guztiek irakurlea nahastu egin dezakete, baina “The Quarryman”-ek duen estilo kriptikoa eta bakarra kontuan hartuta, zaila egiten da zailtasun garbi eta argi bat ematen. Askok diote, bidearen zailtasuna ia ezinezkoa dela graduatzea.

Lerrootako protagonistak, berez, duela pare bat urte ezagutu zuen Galeseko marra ospetsu hori. Pearsonekin batera hura igotzen saiatu zen. Pearsonek lortu zuen; ez, ordea, Ciavaldinik. Hala eta guztiz ere, honako hau aurreratu zuen: «Argi dut itzuliko naizela, besteak beste, joko ederra baita. Probatzen ari nintzela, ohartu naiz mugimendu guztiak egiteko gai naizela. Baina jakin badakit asko eskatuko didala».

Arestian aipatu dugu “Petit” bidea kateatu ondoren, frantziarrak indar eta gogo guztiak “The Quarryman”-en jarri zituela. Eta Tom Randall, Adam Bailes, McClure eta Pearsonek era askean egin ondoren, Ciavaldini talde txiki horretara gehitu da. Eta berriro diogu, bide hori eskalatzen lehen neska izan da.

Jakina, sari hori lortu ahal izateko, frantziarrak lan handia behar izan du egin: «Bide hori lehen aldiz duela pare bat urte probatu nuen. Urte horretan ‘Petit’ bidea kateatzeko saioetan nengoen, baina argi neukan ‘The Quarryman’ nire hurrengo xede handia izango zela. Ekinaldi horiek egiten ari nintzela, nire helburua nagusia ‘The Groove’ luzea sinatzea zen. Eskarmentu horrek ‘Petit’ bezalako bide alpino batean jarduteko ausardia eta kemena emango zizkidan. Ez nuen uste arrakasta izango nuenik, baina, azkenean, luze hori era askean igotzea erdietsi nuen».

Irrist egiten duen tximinia diedro horrek kontzentrazio, malgutasuna eta kemena eskatzeaz gain, teknikoki bikain baino bikainago eskalatu beharrekoa da. Estilo berezia da, eta 8a gradua du.

«Gauza eroa»

Ciavaldiniri onartu behar zaio trad estiloan eskarmentu handia hartu duela; hots, bere bikote Pearsonek irakatsitako guztia ondo baino hobeto barneratu du. Eta gehitu daiteke estilo horrekin oso harrapatuta dagoela: «Estilo horretara ohitu naiz; harrigarria da duen historia. Duela pare bat urte Hazel Findlay-rekin eta James McHaffie-rekin eskalatu nuen, eta haiekin izan nuen hartu-emanetan argi geratu zen ‘The Quarryman’ berezia dela oso. Eskalada tradizional britainiarrarentzat berezia denez, Dawes eta McClure-ren bideo batzuk ikusi nituen. Eta horretan nintzela, ‘The Groove’ luzea gauza eroa eta eskalatzeko ezinezkoa zela iruditu zitzaidan. Bide batez esan behar dut neure buruari honako galdera egin niola: ‘The Groove’ eskalatzeko gaitasuna izango ote dut?».

Galdera hori airean utzi zuen, baina argi geratu zitzaion “The Quarryman” eta zehazki luze mitiko hori helburu izango zituela. Baina arestian esan dugunez, frantziarrak bazuen beste xede nagusi bat: “Petit” bidea: «Bide horrek eta ‘The Quarryman’-ek izen handia dute. Eta, gainera, jakin banekien emakumezkoen igoerarik ez zutela. Kirol eskaladako lehiaketetan eskarmentu handia nuen, baina beste urrats bat egin nahi nuen. Horrekin esan nahi dut eskalada tradizionalean eskalatzaile ona izan nahi nuela».

Denboraren poderioz, lerrotako protagonista trad-ean eskarmentua hartzen joan zen. Baina esan dugu arbelezko pareta horietan eskalatzea berezia dela oso. Eta horren inguruan Ciavaldinik honako hau gehitu du: «Arroka hori ukitzen duzunean sentsazioak oso bitxiak dira. Irrist egiten du, eta oinentzat koskaren bat ez baduzu aurkitzen, argi izan katu-oina ez dela itsatsiko. ‘The Groove’ luzeari buruz esan dezaket hura gainditzeko ez zarela eskalatzaile indartsua izan behar, baizik eta ezohiko eskaladan eskalatzaile bikaina. Hiru saio egin nituen. Bigarrenean erabaki nuen ekinaldi gehiagorik ez egitea, sorbalda txikituta nuelako. Baina hirugarrengoari ekin nion. Sorbaldarekin mugimendua egin nuenean, zentimetro batzuk irrist egin nuen. Zorionez, erorikoa saihestu nuen. Aurrera jarraitzea erabaki eta luze bitxi hori patrikara sartu nuen. Azken luzeak bi saio eskatu zizkidan. Oso fina da, baina erraz gainditu nuen».

Oro har, trad-eko bide guztiak bezala, “The Quarryman” arriskutsua da. Horren inguruan eskalatzaile frantziarrak zera adierazi du: «Jamesengandik ikasi dut bi beldur mota daudela. Bat: arrisku erreala. Balizko eroriko bat duzunean, abisatzen dizu hobe dela ez erortzea min hartu dezakezulako. Eta bestea: beharrezkoa ez den beldurra. Hots, eroriko handia izan dezakezu, baina badakizu ez zarela hilko. ‘The Quarryman’-en izan nuen E egunean, ez nengoen beldurrez; izan ere, neure buruari esan nion beharrezko ez den beldurra kutxa batean gordeko nuela. Bidearen hasiera arriskutsua da; eroriko bat baduzu, ziur aski lurraren kontra joko duzu».

Amaitzeko, Ciavaldinik azpimarratu nahi izan du “The Quarryman”-ek bere eskalada ibilbidean garrantzia handia duela: «‘Petit’ bidearekin ezin dut alderatu, arras ezberdinak direlako. Adibidez, oso harro nago duela urte batzuk Chamonixen irabazi nuen Munduko Koparen hitzorduarekin. Soilik esan dezaket ‘The Quarryman’ zein ‘Petit’ bideetan izan dudan eskarmentua aberasgarria izan dela oso. Asko ikasi behar izan dut; batez ere, haien estiloak. Beraz, ‘The Quarryman’ eskalatzea berezia izan da; benetako ezohiko bide bat egin dut! Joko eroa da».