MAY. 16 2018 «Iruña-Veleia afera» auzibidetik ateratzeko eskatu dute Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiari eta Oskar Escribano Lurmen enpresako langile ohiari elkartasuna agertu zien atzo Iruña-Veleia ekimenak. Haren ustez egin behar diren azterketak eta indusketak egin arte bide judiziala eteteko eskatu zuen. Manifestu bat aurkeztuko dute laster. Xabier IZAGA GASteiz Iruña-Veleia auzia beste fase batean sartu da, joan den astean jakin zenez. Arabako Foru Aldundiak eta fiskaltzak beren akusazio idatziak aurkeztu eta zazpi urte eta erdi arteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte Eliseo Gil, Oskar Escribano eta Ruben Manuel Cerdanentzat, ondarearen aurkako kalteak eta iruzurra egotzita. Zigor eskaera horiek direla eta, atzo Iruña-Veleia Argitu ekimenak elkartasuna agertu zien Gil eta Escribanori Gasteizko Aldabe gizarte etxean, «injustizia ikaragarri» baten aurrean daudela iritzita. Juan Martin Elexpuruk eta Idoia Filloyk irakurri zuten “Kafka Iruña-Veleian” izenburupeko idatzia, auzia «irteerarik gabeko bide batera» eraman izana salatzen duena. Beren salaketaren argudio nagusiak jakinarazi zituzten. Lehenik, diotenez, grafitoen faltsutasuna ez dago «inondik ere» frogatuta; benetakoak izan litezkeela dioten txosten gehiago daude faltsuak direla diotenak baino, eta txosten horien egileak besteak bezain kualifikatuak edo kualifikatuagoak dira. Aldundiaren akusazio idatziaren arabera, grafito batean «Descartes» dago irakurgai, baina akusatuen aldeko ekimen horrek dioenez, «froga gezurtia» da hori, grafito horretan ez baita horrelakorik agertzen, eta beste horrenbeste grafologiari dagokionez, Ertzaintzak bere txostenean diziplina horrek ez duela kasu honetarako balio adierazi baitzuen. Horrez gainera, akusatuak inongo faltsutzetan nahasteko zantzu edo frogarik eza argudiatu zuten: ez «balizko faltsuketa egindako lantegirik, tresnarik, zirriborrorik... ezta eposta edo telefono dei ziztrin bat ere». Bestalde, Iruña-Veleiako aztarnategia kudeatu zuen Lurmen enpresak aspaldi eskatu zuen arkeometrian aditu diren Europako laborategietan azterketak eta grafitoak agertu ziren inguruan indusketa kontrolatuak egiteko, baina, atzo salatu zutenez, eskaera horrek Aldundiaren eta epaitegiaren «ezezko borobila» jaso zuen. Auzibidea etetearen alde Horrenbestez, laborategi espezializatuen azterketek eta indusketa kontrolatuek auzia argitu arte bide judizialean aurrera ez egiteko eskatu zuten berriro ere. Halaber, beren haserrea agertu zuten Arabako Foru Aldundiak afera auzibidera eraman duelako, «arazoa guztiz zientifikoa dela jakinda» eta, ondorioz, bide zientifikoak erabiliz soilik argitu daitekeela. Haserre hori bereziki egungo ahaldun nagusiari eta Euskara eta Kultura diputatuari, eta auzia piztu zeneko ahaldun nagusiari eta Euskara eta Kultura diputatuari helarazi nahi izan zieten, hala nola auziaren instrukzioa «era tamalgarrian» eraman duen epaileari. Iruña-Veleia Argitu ekimenak «bidegabekeria ikaragarri hau» salatzeko antolatzen diren ekintzetan parte hartzera deitu zituen herritarrak. Lehena sinadura bilketa handi bat abiatzea izango da. Prest dute laster jendaurrean aurkeztuko duten manifestua. Bertan, atzo aurreratu zutenez, zera nabarmenduko dute, piezetako bat hiru arkeometria laborategitan datatzeko, grafitoak agertu ziren lekuen inguruan indusketa kontrolatuak egiteko eta lan horiek bi parteekin loturarik ez duten arkeologoek egin ditzaten eskaera; eta bitartean bide judiziala eteteko ere eskatuko dute. TXOSTEN ILUNAK Ruben Manuel Cerdan Iruña-Veleia ekimenaren sostengutik kanpo dago, ez baitu argitu egiaz egin zituen ala ez ostraketako idatzien egiazkotasunaren aldeko bere txostenen oinarri izan omen ziren analisiak. EPAIKETA Bide judizialak aurrera egiten badu, ez dute uste epaiketa udazkena baino lehen izango denik. Abokatuek dokumentazioa jasotakoan, defentsa idatzia aurkeztuko dute.