Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Barruan duguna

Azken bi asteetan, amaitu berri den 60 urteko zikloari buruzko iritzi, aitortza eta diskurtso ezberdinak entzun ditugu. Etorkizuna eraikitzeko giltzarriak diren uneak iraganari buruzko diskurtsoz bete izan dira beti. Garrantzi izugarria du politikan iraganari buruzko narratibak. Boteredunek egiten dutenean «historia» deitzen diote, botererik gabekook egiten dugunean, «historizismoa».

Irakurri eta entzun ditudan balorazio, aitortza, deklarazio eta komunikatu guztietan, ideietan hain ezberdinak izanik ere, ezaugarri komun bi ageri ziren: mina eta injustizia sentimendua.

Alde guztiek adierazi dute mina eta injustizia sentimendua azken 60 urteetako sintesi modura.

Injustua izan da ETAren existentzia bera, mendebaldeko nafarron lehendakari eta Nafarroako presidentarentzat. Injustua izan da EAJren ETArekiko jarrera historikoa Madrilen dabiltzan PSEren orbitakoentzat. Injustua, objektiboki, Estatu terrorismoaren eta polizia-torturen biktimak biktima ere ez kontsideratzea.

Injustuak politizatutako justizia sistema batek berme juridikorik gabe agindutako hamarkadetako kartzelaldiak, egunkarien itxierak, alderdi politikoen ilegalizazioa... Injustizia sentimendua eta beti laguntzen dion mina partekatzen ditugu euskal herritar guztiok. Bakoitzak bere hitzak erabiliz deskribatzen ditu, baina guztiok ari gara sentimendu berberak adierazten.

Irabazle eta galtzaileen euskal jendartea eraiki nahi dute batzuek, samin pertsonala jendarte osora hedatu nahian. Gainera, irabazle ei direnek ez dute behingoan irabazi nahi. Amaitu da hainbeste sufrimendu eragin duen zikloa eta goazen min eta injustizia sentimendurik gabe biziko den jendartea artikulatzera. Ez, hiltzen diren arte, egun guztietan jarraitu nahi dute irabazle eta galtzaileen arteko lerroa marrazten. Lurrera begira nahi dute euskal jendartearen zati handi bat.

Alemanian 1918an eta Espainian 1939an antzeko saiakerak egin zituzten. Eta guztiok dakigu zelan amaitu ziren biak ala biak.