GARA
SOTXI

Putinek beso zabalik hartu du Trumpek noraezean utzitako Merkel kantzilerra

Ukraina eta Siriako gatazkei buruz eta Irango agintariekin Obamaren garaian sinatutako itun nuklearraz aritu ziren atzo Errusiako Sotxi hirian Vladimir Putin anfitrioia eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. Irango auzian bat datoz bi potentzietako buruak.

Donald Trump AEBetako presidenteak Iranekin sinatutako itun nuklearra uztea erabaki ondoren, oso posizio ezerosoan geratu dira aiatolen herrialdean negozio asko dituzten herrialdeak, Alemaniari gertatu zaion moduan, eta Errusiako agintariek egoera hori baliatu nahi dute beren posizioa indartzeko. Horrela ulertu behar da atzoko bilera, begiraleen ustez.

Kremlinek berak atzo Sotxin egindako bileraren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen. «Bisita garrantzitsua da, hauteskundeetan berriz hautatuak izatea lortu ondoren egin duten lehen bilera delako», esan zuen Dmitri Peskov errusiar presidentearen eledunak. «Europar Batasuneko liderra den herrialde bateko buruekin egindako edozein bilerak, eta Alemania zalantzarik gabe horixe da, esanahi berezia du –erantsi zuen Dmitri Peskovek–. Arlo ekonomikoan interes komun asko dituen herrialde bateko buruarekin biltzea beti da garrantzitsua, nahiz eta kontrako adierazpen ugari izan».

Ukraina eta Siria

Kiev Ukrainako hiriburuan atxilotuta daukaten Kiril Vixinski RIA Novosti Errusiako berri agentziako buruaz ere aritu ziren bi agintariak Sotxin. Petro Poroxenko ukrainar presidentearekin hitz egiten duenean kazetariaren egoera aipatzeko asmoa duela esan zuen alemanak.

Putinek adierazi zuen Vixinskiren atxiloketa «aurrekaririk gabekoa» dela. «Publikoki egiten zuenagatik, bere eginbehar profesionalak betetzeagatik, goi-mailako traizioa leporatu nahi diote pertsona horri», erantsi zuen errusiarrak.

Ukrainako beste gai batzuen inguruan ere aritu zirela esan zuen, baina ez zuela xehetasun gehiago eman nahi. North Stream 2 izeneko itsaspeko gas-hodia eraikitzeko proiektua abian jarri arren, Ukrainatik barrena gasa esportatzen segituko du Errusiak, Kremlineko buruak atzo jakinarazi zuenez. Baldintza bakarra, errentagarria izatea.

Alemaniako kantzilerra Txinara joango da datorren astean. Bertan egingo dituen bi egunetan bi potentzien arteko harremanak sendotzen saiatuko da.

Putin eta Assad presidenteak bat etorri ziren ostegunean, Sotxin egindako bileran, Siriarako «elkarrizketa politikoa» eskatzeko garaian, indar atzerritarrek bertatik alde egin dezaten.