MAY. 21 2018 KIROL ESKALADA Alex Megos alemanakariketa perfektua egin berri du Hilaren 9an, Margalefen (Tarragona) dagoen «Perfecto mundo» bidea (9b+) kateatu zuen. Duela bederatzi urte, Chris Sharmak ekipatu zuen, eta Megosena lehendabiziko igoera izan da. Zailtasun horretan sartu den munduko hirugarren eskalatzailea da. Andoni ARABAOLAZA “Change” bidearekin (Norvegia), Adam Ondra izan zen 9b+ zailtasuna estreinatu zuena. Hori, 2012an izan zen. Hurrengo urtean, eskalatzaile txekiarrak “La Dura Dura”-ren (Oliana, Lleida) lehen igoera egin eta 9b+ bezala aurkeztu zuen. Urte berean, Chris Sharmak marra horren bigarren igoera egin zuen; era horretara estatubatuarra 9b+ graduan sartu zen. 2013an, Ondrak, nola ez, 9b+ zailtasuneko beste bide bat aurkeztu zuen: “Vasil Vasil” (Txekiar Errepublika). Eta 2017an, txekiarrak berriro mugak hautsi eta “Silence”-rekin munduko lehen 9c bidea kateatu zuen. Muturreko zailtasunari eta haien protagonistei dagokienez, hori da laburpen zehatz bat. Bada, historia labur horri beste protagonista bat batu zaio. Haren izena oso ezaguna da, eta, beraz, talde txiki horretan sartu berri denak ez du inor ezustean harrapatu. Alex Megosi buruz ari gatzaizkizue. Hilaren 9an, eskalatzaile alemanak Margalefen (Tarragona) dagoen “Perfecto mundo” sinatu zuen; bidearen lehen igoera izan da. Horrela bada, 9b+ zailtasuna egin dutenak hiru eskalatzaile dira: Ondra, Sharma eta Megos. Gogoratu behar dugu duela bederatzi urte Sharmak ekipatu zuela bidea. «Kirol eskaladaren etorkizunerako marra bat da. Gogor borrokatu eta gero, ‘First Round First Minute’ bidearekin 9b gradura heldu naiz, baina argi dut ‘Perfecto mundo’ oso-oso urrun dudala. Izan ere, bertako sekzio eta mugimendu denak lortzea niretzat ezinezkoa da. Horregatik diot etorkizunarekin lotutako bide bat ekipatu dudala». Urte batzuk igaro dira jada Sharmak “Perfecto mundo” ekipatu eta iritzi hori eman zuenetik. Eta aipatu zuen etorkizun horrek orainaldira egin du salto. Hala, aurreratu dugun bezala, muga hori hautsi duena Megos izan da: «Inoiz egin dudan bide zailena da». 24 urteko alemana lehena izan da Margalefeko marra egiten, baina aurreratu behar dugu Sharma berarekin eta Stefano Ghisolfi italiarrarekin batera jardun duela: «Munduko Bloke Koparen proba batean egon ondoren, Margalefera joan nintzen. Xede hori Stefanorekin probatu behar nuen, eta, azkenean, Sharma batu zitzaigun». “Perfecto mundo”-ri dagokionez, esan behar dugu 40 graduko eroria duela eta 30 luze dela: «Lehen metroak errazak dira, eta, ondoren, 50 mugimendu daude; guztiak ala guztiak zailak. Gainera, atseden hartzeko ia ez dago tarterik. Bidearen lehen erdia 8c+ izan daiteke, eta haren amaieran, atseden leku batean, indarrak berreskura ditzakezu. Beste hamar mugimendu eta marraren giltzara heltzen zara. Mugimendu ero bat da: hatz bateko helduleku estu eta kamuts batetik pintza eder batera zoaz. Hirugarren sekzioa ere gogorra da: 8b+. Hor ere eror zaitezke. Amaierak, berriz, plaka tekniko bat du, baina ez oso zaila». Muturreko beste jarduera batzuetan erakutsi duen bezala, Megos oso eraginkorra da. Eskalatzen dituen bide gogor gehienak oso azkar egiten ditu. “Perfecto mundo”-n gauza bera gertatu zaio. Bidearen giltza oso azkar gainditu zuen, eta, behin hori lortuta, alemanak esan bezala, «bideari puntu gorria jartzea denbora kontua zen». Sharma eta Ghisolfi “atzean” utzi ondoren, Megosen “D eguna” joan den hilak 9a izan zen: «Bidearen lehen erdia aise gainditu nuen; arazorik gabe. Hainbat eta hainbat helduleku markatu nituen, eta inoiz baino erosoago sentitzen nintzen. Atseden lekuan ahal izan nuen guztia errekuperatu eta marraren giltzara abiatu nintzen. Gogor ekin nion, eta ia erorikoa izan nuen. Baina eutsi eta aurrera jarraitzeko aukera izan nuen. Den-dena eman ondoren, katera heldu nintzen». «Lehiarik ez» Behin eta berriro esaten ari gara hirukote horrek elkarrekin jardun duela “Perfecto mundo”-n. Gai horren inguruan, eskalatzaile gazteak azpimarratu nahi izan du oso dibertigarria zein motibagarria izan zela:&flexSpace;«Azken urteotan, Stefanok eta biok argi geneukan helburu horri elkarrekin ekin nahi geniola. Horri buruz behin baino gehiagotan hitz eginak ginen, eta, azkenean, Margalefera joatea erabaki genuen. Iragan urtarrilean pare bat egunez probatu eta gero, ekinaldi horiek bertan behera utzi genituen. Hotz handia egiten zuen! Xedea, horrenbestez, udaberrirako atzeratu genuen. Martxoan, AEBetan izan nintzen, eta hona apirilaren 15ean iritsi nintzen. Stefano hamar egun geroago. Izaera honetako helburu bati ekiteko argi eta garbi genuen elkarrekin saiatzea askoz errazagoa izango zela. Horrez gain, asko motibatzen zara. Saiatzen ari zaren bitartean, kideak asko animatzen zaitu. Eta alderantzizkoa ere gertatzen da. Orain ulertzen dut garai batean Chrisek zergatik ez zuen proiektu horrekin jarraitu, bakarrik zegoen!». Eskalatzaile alemanak eite hori azpimarratzeaz gain, onartu du saioetan ez dela lehiarik izan: «Behin elkarrekin ekinaldiak egitea erabakita, argi geratu zen geure artean ez zela inolako lehiarik izango. Elkarren arteko motibazioarekin, uste dut norberak duen hoberena emateko aukera handiagoa dela. Gainera, askoz ere dibertigarriagoa da. Chris eta Stefanorekin bikain pasa dut. Horrez gain, askoz ere eraginkorragoa zara. Zeure kabuz muturreko xede bat probatzen ari zarenean, ez dakizu muga non dagoen. Ez dakizu probatzen ari zaren sekuentzia era egoki batean egiten ari zaren ala ez. Baina elkarrekin asko ikasten duzu. Sekzio ezberdinetan arazoak izan ditugu, baina elkarri lagundu diogu». Arestian “Perfecto mundo”-ren inguruko informazio teknikoa eman dugu. Zenbakiak eta letrak hor daude, baina Megosek horiek guztiak eskalatzeak zer suposatzen duen azaldu nahi izan du: «Ezin ederragoa da. Bitxia bada ere, ez ditu helduleku mingarriak. Eta hori Margalefen ez da batere ohikoa. ‘Perfecto mundo’ bere osotasunean oso ona da. Horrekin esan nahi dut sekuentzia zein sekzio guztiak bikainak direla. Adibidez, amaierako plaka teknikora heltzen zarenean, badirudi bidearen zailtasunak hor amaitzen direla. Baina ez da horrela. Goialdean ere eror zaitezke». 24 urteko alemanak, gaur egungo eskalatzaile sasoikoenetako bat izateaz gain, badu azpimarratzeko moduko gaitasun bat: bideak oso azkar egiten ditu. Gogora dezagun, Siuranako “Estado critico” (9a) bistan egin zuela; hots, estilo horretan egin zen munduko lehen marra izan zen. Horrez gain, Frankenjurako “Action direct” (9a) kateatzeko soilik bi ordu behar izan zituen, eta “Biographie”-rentzat egun bat. “Perfecto mundo”-k hamabost egun eskatu dizkio: «Uste dut niretzat egun asko direla. Bi asteetan sekuentziak landu nituen. Azken astean, soilik behetik hasita. Eguneko lau saio egiten nituen». “Perfecto mundo” patrikara eraman ondoren, Megosek onartu du zailtasunean oraindik urrats gehiago egiteko gai dela: «Hala ikusten dut neure burua. Bide honetan ez nengoen %100ean. Lesio batetik nentorren, eta, horregatik, agian, ia nire mugan aritu naiz. Eskuarki, bide batean saio gutxi egiten ditut; azken honetan, berriz, asko izan dira». BAKARRIK EZ Eskalatzaile gazteak Stefano Ghisolfi eta Chris Sharmarekin jardun du «Perfecto mundo» probatzen. Horri esker, askoz eraginkorragoa izan omen da. ALEX MEGOS Hilaren 9an, 24 urteko eskalatzaile alemanak Margalefen dagoen «Perfecto mundo» bidearen lehen igoera lortu zuen. Bidearentzat 9b+ zailtasuna proposatu du. 15 EGUN Xedea biribildu ahal izateko, bi aste behar izan zituen Megosek. Adierazi duenez, zailtasunean urrats gehiago egiteko gai ikusten du oraindik ere bere burua.