MAY. 21 2018 Harri-jasotzea Peñagarikano eta Albizu zuzenean sartu dira finalean Aizarnazabalgoak eta Elgoibarkoak txanda libreko saioan erabaki dute auzia.Lau minutuko saioan, 64 jasoaldi eman dizkiote 100 kiloko bolari. Jon LEUNDA Xabier Peñagarikanok eta Imanol Albizuk lortu zuten Binakako Urrezko Harri-jasotzaileen finala jokatzeko txartela, eta Mikel Lopetegik eta Imanol Illarramendik ere hantxe dituzte ia hi hankak. Oraindik bikote bat falta da lan guztia amaitzeko, Eizmendi eta Gisasola, eta haien emaitzen zain geratu beharra dute orain bigarren daudenek. Atzo Hernialden hiru bikote izan ziren lanean, eta onenak Peñagarikano eta Albizu izan ziren. Hiru lan ezberdin egin behar izan zituen bikote bakoitzak. Hasteko bikoteko kide batek 163 kiloko zilindro zaharra erabili behar izan zuen hiru minutuko txanda batean, eta, ondoren, beste kideak, 113 kiloko kubikoa denbora bereko beste txanda batean. Azkenik, 100 kiloko bolarekin lau minutuko txanda bat izan zuten txanda librean. Peñagarikano aritu zen harri handiarekin, eta Aizarnazabalgoak zazpi jasoaldi lortu zituen. Kubikoarekin jardun zuen Albizuk, eta hogei jasoaldi lortu zituen. Baina marka guztiak txanda libreko saioan apurtu zituzten, 64 jasoaldi, sailkapeneko lehendabiziko postua eta finalerako txartela lortuz. Guztira 91 jasoaldi lortu zituzten, eta 9.801 kilo bizkarreratu zituzten. Lopetegik eta Illarramendik bi hankak finalean dituzte ia, nahiz eta oraindik ere ez dauden matematikoki bertan, Eizmendik eta Gisasolak oraindik saio bat baitute jokatzeko. Illarramendik jaso zuen zilindroa, eta zortzi aldiz bizkarreratu zuen. 21 jasoaldi eman zizkion Lopetegik. Txanda librean 56 jasoaldi lortu zituzten. Guztira 85 jasoaldi eta 9.276 kilo lortu zituzten. Finalerako aukerarik gabe Ugartemendia eta Telleria IV.a geratu ziren. Azken horrek atzokoan ezin izan zuen jardun, eta Ostolaztak ordezkatu zuen. 9 jasoaldi eman zizkion zilindroari Ugartemendiak, 19 Ostolatzak kubikoari, eta, txanda librean, berriz, 47 jasoaldi lortu zituzten, guztira 8.314 kilo jasoz. Orain, urrezko harri-jasotzaileen eta aizkolarien saioak amaitzeko, finalaz gain, datorren igandean Galdakaon jokatuko da aizkolarien azkeneko finalerdia eta harri-jasotzeko beste saio bat. ESKURAImanol Illarramendik eta Mikel Lopetegik oraindik ere matematikoki finalerako txartela lortu ez badute ere, hantxe dituzte ia bi hankak.