MAY. 28 2018 KIROL ESKALADA Barbara Zangerl 9a zailtasunean sartu da ezusteko ekinaldi batean Joan den hilak 20an, Voralpseen (Suitza) dagoen «Speed Integrale» bidea kateatu zuen. Eskaladakobeste estilo batzuetan ere espezialista handia den austriarrak 15 eguneko ahalegina behar izan zuen. Andoni ARABAOLAZA Eskalatzaile askori entzun izan zaie, eite ezberdinengatik, kateatze eguna berezia izaten dela oso. Adibidez, duela bost urte, Alex Megosek bistan egin zuen munduko lehen 9a, “Estado critico”. Bada bide hori ez zen egun horretako xedea, “La Rambla” (9a+) baizik. “Estado critico” non zegoen jakin gabe, bidearen oinarrian jarri eta hura bistan eskalatu zuen. Ezusteko handia! Lerrootako hurrengo protagonistak ere, Barbara Zangerlik, egoera bitxia bizi izan du bere azken eskalada jardunean. Erietxean lan eguna goizeko zazpietan bukatu ondoren, esku artean zuen helburura abiatu zen: «Irten bezain laster, Voralpsee-ra joan nintzen. Ez neukan inolako itxaropenik probatzen ari nintzen bidea kateatu ahal izateko. Energia gutxi nuen, baina eguna era eroan bukatu zen. Eguneko azken ekinaldian ‘Speed integrale’ bidea patrikara eraman nuen. Ezusteko handia izan zen!». Bada, bai, ezusteko ekinaldi batean Zangerlek 9a zailtasuna duen marra kateatu zuen; gradu horretako lehena austriarrarentzat. Beste urrats bat “Speed integrale” Suitzako Voralpseen dago. Beat Kammerlander historikoak 1995. urtean 30 metro luze den “Speed” bidea ekipatu eta lehen igoera bi urte geroago egin zuen. Erresistentzia handiko marra tekniko horri Cedric Lachatek zazpi metro gehitu zizkion jarraian, eta 9a bezala aurkeztu zuen. Ondoren, Jonathan Siegrist, Dani Benz eta Megosek berak gradu hori baieztatu zuten. Gogoratu behar dugu eskalatzaile austriarrak eskaladaren hainbat estilo bikain menderatzen dituela. Blokean, adibidez, neska batek egiten zuen lehen 8a+/b sinatu zuen. Trad estiloan E10 egitera heldu da. Eta hormatzarretan izen handia duten bide batzuk eskalatu ditu: “Magic Mushroom” (900 m, 8b+, Kapitain), Alpeetako “Trilogia Alpinoa” (8b+ graduko hiru bide)... Eta, aipatzen ari garen bezala, kirol eskaladan ere beste urrats bat eman berri du. 9a lortzen munduko hemeretzigarren neska da, baina, diogun bezala, azpimarratzeko modukoa da estilo ezberdinetan duen gaitasuna. 29 urteko eskalatzaileak beste aipamen bitxi bat ere egin nahi izan du: «Esan behar dut ‘Speed’ bidea, berez, ez nuela probatuta. Entrenamendu eta saio guztiak lotura horretan egin ditut. Horrez gain, gehitu nahi dut eskuarki soilik eguneko bi saio egiten nituela. Bada, kateatze egunean hiru izan ziren, eta azken horretan katera erorikorik gabe heldu nintzen». LEHEN 9A Barbara Zangerl austriarrak «Speed Integrale» bidea (Voralpsee, Suitza) kateatu berri du. Horretarako, hamabost eguneko ekinaldiak behar izan ditu.