GARA
GAZA

Israelek blokeoa indartu nahi du, Gazak salaketari eusten dion bitartean

Israelgo Gobernuak Defentsa Ministerioak plazaratu duen agiri baten bidez jakinarazi duenez, urpeko oztopo bat eraikiko dute Gaza parean «terroristen sarrerak» eragozteko. Aldi berean, Itzuleraren Ibilaldi Handiko antolatzaileek esan dute bihar itsasontzi bat irtengo dela Gazatik, Israelek ezarritako blokeoa salatu eta herritarren eskubideak eztabaida publikoaren erdian jartzeko.

Avigdor Lieberman Israelgo Defentsa ministroak azaldu duenez, abian jarriko duten ekimenak «Hamasen helburuak zapuztuko ditu; gaitasun estrategikoa eta diru asko galduko ditu». Agintariak «terroristen infiltrazioak» leporatzen dizkio mugimendu islamiarrari, eta, horri aurre egiteko, «malguki» moduko bat sartuko dute okupatzaileek itsasoan, «munduan inoiz egin ez dena», ministroaren hitzetan. Urtebete beharko dute erabat prest edukitzeko.

Tel Avivek blokeoa indartzeko mekanismoak asmatzen dituen artean, palestinarrek salaketarekin jarraitu beste erremediorik ez dute. Hala, martxoaren 30az geroztik mugan egindako errefuxiatuen itzuleraren aldeko mobilizazioak antolatu dituen erakunde berak egin du oraingoan ere deialdia. Bihar, 11:00etan irtengo da Gazako portutik makina bat gaixo, ikasleak batzuk, langabeak besteak, eramango dituen ontzia, Salah Abdel Ati ekintzaileak azaldu duenez.

Hiru hildako Gazan

Israelgo tanke batek hiru palestinar hil zituen atzo Gazako hegoaldean, Rafah hiritik gertu. Hildakoetako bi Jihad Islamikoko kideak ziren, taldeak berak esan duenez.