GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Batzen gaituena


Gizartea sozialki, linguistikoki eta politikoki eraldatu gura dugunok traba ugari ditugu; horien artean geuk geure buruari ezarritakoak batzuk. Horietako bati buruz hitz egin nahi nuke gaur.

Gure elkartzeko gaitasuna erreaktiboa eta iniziatiba iraunkorrik gabea iruditzen zaigu askori; soilik sentimendu negatiboek batzen gaituzte. Erantzun sozialaren traol eta esloganik arrakastatsuenak «nazka», «ostia», «sumina», «lotsagarri», «aski da»... dira. Injustiziari aurre egiteko guztiz baliagarriak diren sentimenduak. Zoritxarrez, ezer gutxi eraikitzeko balio dute. Ondorioz, elkargune puntual arrakastatsuak eragin ditzakete, baina ez dira eraginkorrak alternatiba bat eraikitzeko. Asko jota botere aldaketa bat eragin lezakete; demokrazia europar batean sekula ez dute eragingo aldaketa sakonik. Horretarako, ezinbestekoa da batzen gaituen indar hori klabe positiboan ezartzea. Horrek, aitzitik, helburuak filia eta fobia pertsonalen gainetik ezartzea eskatzen du (nazio txikiak infernu handia izateari uztea), ez du epe laburreko katarsi askatzailerik eskaintzen (baina bai ahalduntzearen energia) eta noiz sartzen zaren bai baina noiz irtengo zaren ez dakizun bilera ugari eragiten ditu. Azken ezaugarri horrek talka egiten du bortizki gure bizitza erritmoarekin, eta ahalik eta gehien murriztu behar genuke garaietara egokitzeko. Adibidez, bilerak 60-90 minutura mugatuz beti. Filosofatzeko e-mail idatziak, bilera osteko hautazko zurito-foruma eta berariaz gogoetatzeko egunak ezartzea eraginkorragoa izan liteke, agian.

Maila pertsonalean, familian eta lagunartean sentimendu positiboek elkartzen gaituzte sarri: urtebetetze, umeen jaiotza, ezkontza, lorpen konpetitiboek... (beste egun baterako utziko dugu winner eta loser-en gizarte eredua).

Espainiar Estatuak erakusten duen moduan, demokrazian ez du zertan gehiengoak agindu. Klabe positiboan jende gehien batzen duen proiektuak dauka boterea. Gutxiengoa izan arren ere.