JUN. 01 2018 IKUSMIRA Jendeari axola diona Xabier Izaga Kazetaria Bihar, Jainkoa, aberria eta erregea lagun, «Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurkako» manifestazio bat izango da. UPN, PSN eta PPk esan dute ez dela euskararen aurkakoa. Hauxe lasaitua, hartu dudana. UPNko presidente Javier Esparzak manifestazio bat deitu eta bertan parte hartzeko «zilegitasuna» aldarrikatu zuen lehengoan. Zuzen dio, «manifestazio bat», berea, eskuarki manifestazioek alergiaren bat eragiten diotenez, galarazteko eskatu ohi baitu. Ana Beltran PPko presidenteak esan zuen Nafarroan «gehiengoa zapaldu» nahi dutela. Ulertzekoa da sentsibilitate hori. Akordatzen naiz haren alderdiak 2007an Lizartzako alkatetza eskuratu zuela, gehiengo absolutuarekin, gehiengorik zapaldu gabe eta gehienak pozik utzita. Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak, berriz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak «euskararen gehiegizko pisua» zuten oposizioak baliogabetu zituzten zenbait ebazpen gogorarazi zituen (astuna, gero, euskara!) eta «politika identitarioak» bumeran eragina izan lezakeela esan zuen. Identitarioa: jendeari axola dionari erantzuten ez diona, Chiviteren eta haren alderdiaren hiztegian. Beste alderdiek ere harako Chiquitoren txiste bat balitz bezala errepikatzen dute lelo bera. Jendea: bestea, ezjakina, trauskila, zer interesatzen zaion ez dakiena. Eta politikari horiek badakite: Katalunian 155. artikulua ezartzea interesatzen zaio, matxinada delitua legearen arabera aplikagarria ez denean, egoerari egokitzeko legea aldatzea, Pedro Sanchezek duela aste bi proposatu zuenez. Hala diote jendeari axola dionak bost axola dien horiek.