JUN. 01 2018 Talibanak su-eten bat negoziatzen ari dira Kabuleko agintariekin GARA KABUL John Nicholsonek, AEBek eta NATO erakundeak Afganistanen dituzten indarren komandanteak, adierazi du talibanak Kabulgo agintariekin su-eten bat negoziatzen ari direla. «Jarduera diplomatiko asko dago eta ezkutuan elkarrizketa ugari egiten ari dira, maila ezberdinetan gainera», esan zien Nicholson jeneralak Pentagonoan egoten diren kazetariei. Bere iritziz, egungo negoziazio horiek arrakasta izateko aukera handiak dituzte. Edonola ere, berak ez du prozesu horretan esku hartzen ari diren pertsonen izenik eman, nahiz eta nabarmendu duen «erdi eta goi mailakoak» direla talibanen ordezkariak, Kabulekin hizketan ari direnak, alegia. Nicholson jeneralak sekulako garrantzia ematen dio negoziazioak ezkutuan egiteari. «Bilera sekretuak egin dituzte. Modu horri esker bi aldeek aurrera egitea lortu dute», adierazi du NATOren indarren agintaritza aurki utzi beharko duen militarrak. «Diplomazialariak dira negoziazio horietaz arduratzen direnak. Arrakasta prozesuaren konfidentzialtasunaren araberakoa izango da», erantsi zuen Nicholsonek. Kolonbia eredu Axraf Ghani Afganistango presidenteak joan den otsailean aipatu zituen talibanekin egin beharreko bake negoziazioak. Beste gauza batzuen artean, matxinatuei alderdi politiko bat eratzeko aukera onartzen zaie, 2004ko Konstituzioa eta su-etena onartuz gero. Talibanek ez dute erantzun ofizialik eman eta makina bat eraso egin dituzte, Kabulen batez ere, herrialdeko hiririk arriskutsuena bihurtzeraino. «Indarkeria eta negoziazioa aldi berean izatea normala da, Kolonbian gertatu zen moduan», gogorarazi du Nicholsonek.