GARA Euskal Herriko egunkaria

Bavariako eraikin publiko guztietan gurutzeak ikusgai egon behar du

Atzo jarri zuten indarrean Alemaniako Bavaria estatuan eraikin publiko guztietan gurutze bat jartzera behartzen duen dekretua. CSU Bavariako Batasun Kristau eta Sozialak aurrera egin du bere proposamen polemikoarekin, oposizioak interes elektoralak ikusten dituen bitartean. Bavaria oso kontserbadorea da.


CSU alderdi kontserbadorea Angela Merkel kantzilerraren aliatu garrantzitsua da.

Markus Soder Bavariako presidenteak argi dauka, apirilean esplikatu zuenez, gurutzeak jartzea ez dela «ikur erlijioso bat» sustatzea, «nortasun bat onartzea baizik». Kristauen ikurra ondo ikusten den tokian jarrita, «arrasto historiko eta kulturala adierazten da» eraikin publikoetan. Beraz, atzodanik, Bavariako agintarien mendean dauden ministerio guztietan, justizia jauregietan, poliziaren egoitzetan, hirigintza zerbitzuetan eta gainerako erakundeetan gurutze bat egongo da atarian jarrita, ondo ikusten dela gainera. Orain arte haur hezkuntzako gelak eta auzitegietako aretoak baino ez zeuden gurutzeak jartzera behartuta.

Dekretuaren aurkakoek egin duten irakurketaren arabera, CSU alderdiak hauteskundeetan emaitza hobeak lortzeko hartu du erabakia. Bavaria aberatsa mendean duen formazioak eskuinera eraman du bere diskurtsoa, Merkelek 2015ean Siriatik ihes egin zuten milioi bat laguni Alemaniako ateak zabaldu zizkienetik. Errefuxiatu gehienak musulmanak dira, jakina.

Erdogan bezala

Datorren urriaren 14an egingo diren hauteskundeetan CSU alderdiak Bavarian duen nagusitasuna gal dezake, Merkelek hartutako erabakien eraginez boto-emaile askok AfD Alemaniarentzako Alternatiba formazio islamofoboaren aldeko aukera egin dezaketelako. «Islama ez da Alemaniakoa», diote behin eta berriz CSUko ordezkariek, Horst Seehofer buruak egin berri duen moduan. «Alemaniaren garapenak kristautasunaren zigilua du», esan du Soderrek.

Ezkerretik, Berdeek eta Die Linke (Ezkerra) alderdiek populistatzat jo dute neurria, eta Konstituzioak dioenaren aurkakoa. Reinhard Marx kardinalak, Alemaniako Eliza katolikoaren buruetako batek, Bavariako agintariak kritikatu ditu, erabaki horrekin «zatiketa eta nahasmena» besterik sortu ez dutelakoan. Christian Lindner FDP Alderdi Liberaleko buruak, berriz, Erdogan Turkiako presidentearekin alderatu du CSU, «erlijioa bere interes politikoen arabera erabili duelako».