JUN. 02 2018 Toki publikoetan burka erabiltzea ez du onartuko Danimarkak GARA KOPENHAGE Aurpegia estaltzen duten burka eta nikab bezalako jantziak leku publikoetan erabiltzea debekatu egin du Danimarkako Parlamentuak. Araua errespetatzen ez dutenentzat isun ekonomikoak aurreikusten ditu legeak. Aldeko 75 boto eta aurkako 30 izan zituen lege proposamenak. Abuztuaren 1ean jarriko dute indarrean. Debekutik kanpo geratzen dira aurpegia estaltzen duten baina «asmo ezaguna» duten neguko arropak, mozorroak, inauterietako maskarak eta lanpostu jakin batzuetan beharrezkoak diren babesak. Arau berria bortxatzen dutenei gero eta isun handiagoak ezarriko zaizkie. Horrela, lehenengo aldian 1.000 koroa danimarkarreko (134 euro) isuna ezarriko da, baina laugarren alditik aurrera, 10.000 koroakoa. Berrerorleentzat kartzela zigorrak eskatzen zituen Danimarkako Alderdi Popularrak, eskuineko Gobernuaren aliatu xenofoboak alegia, baina eskuin muturrekoen proposamen hori baztertu egin dute gainerako parlamentariek. Poliziak eta auzitegiek erabakiko dute kasu bakoitzean jantzi zehatz batek araua bortxatzen duen ala ez. Gainera, agente baten iritziz, pertsona jakin horrek bere burka beste batzuen presioen eraginez jantzi badu, udal agintariei jakinarazi beharko die, emakumea «giro zapaltzaile» horretatik ateratzeko neurriak agindu ditzaten. Europako beste herrialde batzuek, frantses Estatuak eta Austriak, esaterako, tankerako araudiak onartu izan dituzte leku publikoetan aurpegia estaltzen duen arroparik ez onartzeko.