GARA Euskal Herriko egunkaria

«Bihotzean daramagun mundua» irudikatu du Maite Darcelesek

Barruko eta kanpoko mundua ez datoz bat Lorearentzat. Sistemak ahanzturara bideratutako mundua ezartzen dio, baina intuizioak «gizakia gizakiagoa» den mundu bat posible dela esaten dio. Zutabe horien gainean eraiki du Darcelesek «Bihotzean daramagun mundua».


Saiakera baterako gogoetak idazten ari zen Maite Darceles. Jendarte garaikideaz, giza harremanez idatzi nahi zuen, «munduaz», baina zalantza egiten zuen hipotesi irmo batera iristeko bidea topatuko zuenik. «Eta pentsatu nuen fikzioaren bidez hobeto azaldu nezakeela esan nahi nuena», aipatu zuen atzo “Bihotzean daramagun mundua” (Alberdania), bere lehen fikziozko lanaren aurkezpenean.

Lorea da etorkizun hurbilean kokatu duen kontakizun distopiko honetako protagonista. XXI. mendeko bigarren erdia da eta Sistemak saltzen duen «zoriontasun perfektuaz» bestelakoa den mundu bat badela uste du. «Sistemak eskaintzen dion zoriontasunak ez du betetzen, zoriontasun kamutsa delako, ahanzturara bideratua, eta pentsamenduaren eta giza harremanen esparrua kamustu du, baita maitasuna ere», azaldu zuen autoreak. Loreak bestelako errealitate horren «intuizioa» duela nabarmendu zuen eta sen horrek “Y andrea” izengoitia daraman emakumea ezagutzera eramango du. «Porrota jasandako emakume bat da, bihotzean daraman munduaren aldeko talde batean egon zena. Ezagutza, kemena eta inteligentzia pertsonifikatzen dituela esan daiteke», azaldu zuen Darcelesek. Y andrearen eskutik, Lorearen ikuspegi kritikoa areagotu eta ekintzarako urratsa egin edo ez galdegingo dio bere buruari.

Perfekzioa

«Bihotzean daramagun munduak ondo sentiarazten gaituzten uneak, maitasunak, algarak, barreak, laztanak... islatzen ditu», azaldu zuen Darcelesek, «baina ez da mundu perfektu bat: perfekzioa eta bizitza kontraesankorrak dira, ez dago bizitza perfekturik, eta perfektua dena ez dago bizirik».

Eleberriaren bidez gogoetarako bidea ireki nahi izan duela ere nabarmendu zuen. «Akzioaren eta abenturaren bidez hainbat konturi buruz gogoeta egin eta eztabaidatzeko aitzakia emango zuen testua sortu nahi nuen, plano ezberdinetan irakur zitekeena».

Eta, estiloari dagokionez, soiltasunaren alde egin duela argitu zuen: «Idazkera arina izatea nahi nuen, uste baitut liburuak baduela sakontasuna eta forma arina, kapitulu laburrez osatua, eman nahi nion, gogoetarako aitzakia ekarriko zuen testua jada baneukalako», azpimarratu zuen Darcelesek.