JUN. 18 2018 ZIRIKAZAN Leuntzen ibili barik Josebe EGIA Nola azalduko diozu haur bati “Aquarius” ontzian dauden pertsonekin (hark ez ditu ikusiko migratzaileak, errefuxiatuak, pobreak… gizakiak baizik) gertatzen ari dena. Nola azalduko diozu hor daudela, itsaso erdian abandonatuta, ihes egitera bultzatu zituzten goseak eta egarriak baino are gose eta egarri handiagoek jota hiltzeko beldurra muinean iltzatuta, eta, ziurrenik, sekula desagertuko ez zaien atsekabea bihotzean: europar aberatsen berekoikeriak eta ankerkeriak, pilota teilatuz teilatu ibiltzeko Europar Batasuneko herrialdeen arteko jolasak, eragindako hori. Nola azalduko diozu ume bati herrialde bateko presidenteak bertan geratzeko baimena eman diola beste pertsona bati –eta atzerritarra delako behar duela baimen hori–, haur bat eraikin batetik erorita hiltzetik salbatu duelako. Nola azalduko diozu horrexegatik, eta horrexegatik bakarrik, izango duela baimendunak lasaixeago bizitzeko aukera, poliziak etengabe jazarri gabe, behintzat; beharbada, baita miseria gorrienetik salbu ere. Nola azalduko diozu mundu honetako pertsona ugarik, gehiegik, «heroi» izan beharra dutela zuk eta berak bezalako bizimodua bizi ahal izateko, eta, oraindik ere, sekula ez direla izango zu eta bera bezalakoak, pertsona eta gobernu askoren, gehiegiren, begietara. Nola azalduko diozu manipulazioaz, perbertsioaz, trikimailuez, diru-goseaz, abariziaz, menderatzeko grinaz… ezer ez dakien pertsona-proiektu bati munduan neskatilak eta emakumeak haurrak izatera behartzen dituztela, ez dietela galdetzen benetan zer egin nahi duten, inkubagailu hutsak balira bezala tratatzen dituztela, besteren ideologia asetzeko makinak; nola azalduko diozu emakume asko, gehiegi oraindik, ados daudela beste emakume batzuk eta beren bizitzak horrela hondatzeko jokabidearekin. Nola azalduko diozu ablazioa, neskatilen behartutako ezkontzak… Nola esplika dezakegu, nola arraio, munduko lagun asko eta asko, gu baino askoz ere gehiago, goseak, miseriak edota osasun-arretarik ezak, arazo saihesgarri eta konpongarriak guztiak ere, akabatuta buka ez dezaten borrokatzen jarraitu beharra dugula, eta emakumeok, gainera, borroka hori eta bat gehiago dugula: geurea, andrazko jaio garelako, besterik ez. Umeak kaka hutsa iritziko dio kontakizunari, itsusi mortala (psikopata-proiektua ez baldin bada, behintzat)… baina entzun beharra dute, errealitatea ezagutu, urte batzuen buruan eraldatu egingo badute. Eta horixe dugu itxaropenik handiena.