JUN. 28 2018 Bizitzari zentzua aurkitu nahia Egunero idazten du Juanjo Olasagarrek. Bestela «hutsa» iruditzen zaio eguna. Halaxe egin du 22 urte zituenetik. Bere laugarren poema liburua plazaratu du orain Pamielaren eskutik, iaz Xabier Lete IV. Poesia Saria irabazi ondoren. Hasierako bidera itzulita, tarte batean fokua jendartearen gainean jarri ostean, «ni-tik idatzi» du poema sorta. Xole ARAMENDI DONOSTIA Eguna joan, eguna etorri, idatzi egiten du Juanjo Olasagarrek (Arbizu, 1963). Ohitura bilakatu zaio. Gertaerak sistematikoki apuntatzen ditu, gero behin eta berriz orrazteko, poemen bertsio berriak etengabe sortuz. «Hartu eta utzi egin ditzakezu denboran zehar, hori daukate ona poemek», azaldu du. Idatzi, eguneroko gertaera txiki zein handiei nolabaiteko zentzua aurkitzeko. «Poemen bidez, nobelekin baino gehiago, saiatzen naiz egunari zentzua ematen. Ni ez naiz sinestuna, ez dut pentsatzen hil ondoren zerbait egongo denik, baina egunero nire bizitzari zentzua eman beharra sentitzen dut –azaldu du–. Zentzu hori ez da preziso beste munduan pentsatzea, niri gertatzen zaidan anabasatik gertaerak ordenatu behar ditut eta poemek balio didate horretarako». Transzendentzia Balio diote bera baino goraxeago egon daitekeena azaltzeko ere. Horixe baita poesia Olasagarrerentzat, «egunerokotasunetik pixka bat goraxeago egon daitekeen zerbait sortzea». «Ez du esan nahi nik azaltzen dudanak harago transzendentzia duenik, baina neure buruagandik pixka bat altxatzen naizenez balio dit nire bizitzari zentzua emateko», esan du. Azken 10-15 urteotan bizitako gertakizunak izan ditu abiapuntu orain argitaratutako poema hauetan. «Gertaerak ordenatu, antolatu eta arte (beldurra ematen dit hau esateak) bihurtzen saiatu naiz», adierazi du Jose Angel Irigaray Pamielako editorearekin eginiko agerraldian. Fenomenologia –Filosofiaren adarra– aholkatzen du liburuan. «Kontzientzia eta errealitatea, dena bat gara. Ez dago dikotomiarik subjektu eta objektuaren artean. Dena bat da eta neurri batean bizi behar dugu gauzak gertatu ahala. Saiatu behar dugu zentzua ematen gure bizitzari, gure kontzientziaren bidez ordenatzen». “Gaupasak”, bere lehen poema liburuan, nia oso sendo ageri zen. Gero beldurra izan zion bere burua agertzeari. «Poema batean hala esan nuen, ‘norbera ez da gai serioa’, eta bi poema liburutan jo nuen beste pertsonaiei ahotsa eman eta errealitate soziala edo emozionala agertzera –oroitu zuen–. 1998tik hona erabaki dut ni oso gai serioa naizela, nahiz Facebooken garaian bizi, eta lehen pertsonan idazten dut», kontatu zuen. Bere ahotsa garatu duelakoan dago arbizuarra; «nahiz ez dakidan nolakoa den», ohartarazi zuen. «Gaizki dago neuk esatea, baina gauzak izendatzeko eta esateko nahiko sendotasun badauka. Kasualitateaz ala ekinaren ekinez gertatu da, eta pozik nago», aitortu zuen. Ospakizun kutsua eman nahi izan dio liburuari. «Errealitatea ospatzea gustatu egiten zait, behar dut, eta neurri batean egin beharrekoa da, ohitura sortu eta lantuan egon beharrean ospatu egin dezakegu». Natura, harremanak... dira liburuan agertzen diren gaietako batzuk. «Poema homoerotikoak ere badaude, baina gehiago dira maitasunari buruzkoak, eta maitasunak ez dauka generorik». Konformatuko litzateke idazterakoan poemek berari ematen diotena ondoren irakurleari emango baliote. «hausnarketa liriko eta petrala» “Ia hemen” liburuan bildu dituen poema lanen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handiko hausnarketa izatea nabarmendu zuen Xabier Lete sariaren epaimahaiak irabazle izendatu zuenean. Ironiaren erabilera «ausart eta ankerra» ere azpimarratu zuten epaimahaia osatu zuten Itxaro Borda, Igor Estankona, Joserra Gartzia, Tere Irastorza eta Lourdes Otaegik. «Poema bilduma anitza da formen, irudien eta gaien ikuspegitik. Gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa aldi liriko eta aldi berean petrala eskaintzen du Juanjo Olasagarre euskal poeta ezagunaren obra honek. Urbanotasuna, naturarekiko atxikimendu mikatza, norberarekiko arroztasuna, itzuleran beti norbait iristea, maitasuna, ez-maitasuna, bulkada homoerotikoak, hausnarketa filosofikoak... hona bildumako ildo oparoak». Horrelaxe gogoratu zuen atzoko aurkezpenean Jose Angel Irigarayk epaimahaiaren iritzia. X.A. POESIA «Egunerokotasunetik pixka bat goraxeago egon daitekeen zerbait sortzea da poesia niretzat», aitortu zuen Juanjo Olasagarrek, atzo Donostian egindako aurkezpenean.