JUN. 28 2018 IKUSMIRA «Tengo que pillar un tren/ Es el tren del futuro...» Mikel Jauregi Kazetaria Andoaingo dozena bat talderen “AHTren aurkako musika” izeneko bilduma hartarako Magic-ek grabatutako “Pa tu puta madre” kantutik hona, 1996 urrunetik hortaz, ez dakit “euskal Y”-ari inork halako muturrekorik eman dion. Seko uzteko modukoa. Europar Batasuneko Kontu Auzitegiaren txostenak azken hamarkada hauetan gure herriko sosak, ingurumena, lehentasunak, eztabaidak... ikaragarri baldintzatu dituen megaproiektuari megadanbatekoa eman dio. Hainbesterainokoa izan da, Arantza Tapia Lakuako Azpiegitura sailburuak, etorkizuneko zutabeetan zutabe aurkeztu izan diguten trena defendatzearren, erasora atera behar izan duela biharamunean bertan: lehenik, Madril eta Paris errudun jota, Korridore Atlantikoa ez dutelako lehenetsi eta, horrek, «atzerapen onartezinak» eragin dituelako; eta bigarrenik, porlanaren errezeta magikoari egoskor eutsita: proiektua «azeleratu» beharra dago. Itxura batean, tren horri ez diote jarri galgarik, azeleradorea bakarrik. Eta sakatu egin nahi diote batzuek, kosta ahala kosta, EBk begi aurrean jarri dion hormatzarrari («eraginkorra ez den mosaikoa» deitu dio Estatu espainolaren abiadura handiko proiektuari, eta bidaiari faltaren aurreikuspena egin du, gainkostu handia kritikatu, eta ez dela bideragarria ondorioztatu) ez ikusiarena eginda. Marx anaien «egur gehiago!» famatuaren bertsioa berrituko digute. Europatik iritsi den txosten hau baino kontundenteago izaten zail dago, baina utziko didazue Magic-en hura kantatzen, nostalgiagatik bada ere: «Estáis arrasándolo todo/ Sois unos putos marcianos».