JUN. 30 2018 Interview SONIA GONZALEZ IDAZLEA «Depresioa da gaixotasun bakarra gaixoak berak heriotza bilatzen duena» Bizitzak momentu latz bateranzko norabidean jarri zuen Sonia Gonzalez (Barakaldo, 1977) hiru urte atzera. Gogoetak, pentsamenduak, sentipenak eraman zituen koadernoetara. Hasieran asmo jakinik gabeko lana zena saiakera bihurtu da orain. «Erreka haizea» du izena. Ariane KAMIO DURANGO Zubi baten azpitik igarotzen den erreka baten irudiak ilustratzen du Sonia Gonzalezen azken lana, “Erreka haizea” (Susa), eta izenburu berbera darabil botereaz, isilpenaz eta herioaz hitz egiteko bizitzaren meandroetan eman izan dituen bira gazien inguruan. Poesian lan bi argitaratutakoa da –“Sagarroiak”, “Poema amniotikoak”–, eta badu bere ibilbidean nobela bat ere –“Ugerra eta kedarra”–. Bere azken sorkuntza, idazleak berak saiakeran saiakera gisa ulertzen duen narrazioa, erakustaldi pertsonal bat da, une latz batean abiapuntu duena, zuzen eta gordin idatzitako ideia sorta. Gogoeta mardula. Sakona. Biluzte integral bat. Ze bultzadatik sortzen da «Erreka haizea» idazteko asmoa? Hasiera batean ez nuen asmo borobilik, ez ezer pentsaturik. Momentu latz bat bizitzen ari nintzela hasi nintzen apunteak hartzen, pentsamenduei buruz idazten. Ez nekien zerbaitetarako balioko zidan edo norabait eramango ninduen. Lar pertsonala ikusten nuen idazten ari nintzen hura guztia liburu bat izateko edo jendeari eskaintzeko. Barrua husteko ariketa bat izan zen? Ez dakit oso ondo zergatik hasi nintzen. Ekin nion ea zerbait irten zitekeen hortik. Gero joan zen forma hartzen. Duela hiru urte inguru hasi nintzen idazten, eta Miren Agur Meaberen “Kristalezko begi bat” irakurri nuen. Orduan pentsatu nuen agian baietz, agian eman niezaiokeela dimentsio bat nigandik harago zihoana, nire esperientzietatik ondorio orokorrago batzuk atera ahal nituela. Ez zen izan desahogo bat. Norberaren esperientzietatik abiatu, baina beste dimentsio bat emateko ahalegina baizik. Ez dakit lortu dudan, baina saiakera hori badago. Beste lan batzuk argitaratu dituzu. Idazteko ohitura duzu? Ez, desastre hutsa naiz! [Barreak]. Egongo da jendea egunero idazten duena eta planifikatzen duena zer idatzi. Baina nik inpultsuka idazten dut. Ikusten duzunean zerbait baduzula esku artean, orduan jartzen naiz idazten serioago, buruari bueltak eman eta ideiak harrapatzen. Duela hiru urte idatzi zenuela aipatu duzu. Orain, liburua argitaratu dela, ze ikuspegi duzu iragandako bideaz? Ikusten ditut oso momentu diferenteak. Hasiera batean ez jakitea oso argi zerbait irtengo zen hortik. Beste momentu batean ikusten duzu hartzen duela halako entitate minimo bat. Edizio lana, Leire Lopez Ziluagarekin, oso garrantzitsua izan da. Liburua hasieran zen horretatik gero geratu den emaitzara asko hobetu da. Lan horrek balio izan dit nire buruan argitzeko, jakiteko zer lortu nahi nuen esku artean nuen masa horrekin. Hiru zatitan banatuta dago liburua. Noiz erabakitzen duzu horrela sailkatzea? Hasiera batean buruan darabilkizuna apuntatzen duzu eta gero konturatzen zara gai batzuk errepikatu egiten direla. Heriotzarena nahiko hasieratik. Badauka hezurdura bat euren buruaz beste egin duten emakumezko idazleen aipamenekin. Boterean ere berdin. Gai desberdinak lantzen dituzunean ikusten duzu haien atzean badagoela botere bat, ente abstraktu moduan, gauzapen praktikoetan eta eguneroko bizitzan. Isilpenak ere asko markatzen du, alde desberdinetatik. Nondik etorri ahal den, zeren eragina izan daitekeen. Patriarkatuari kritika bat badago, batez ere isilpen horretan. Emakumeok isiltzera behartzen gaituztelako askotan, eta isiltzeko hezten gaituztelako ere bai. Andrazko guztiok egiten badugu geure buruaren azterketa bat eta izaera bera aztertzen badugu, konturatzen gara gehienon kasuan halako kontuek pisu handia dutela. Nik, pertsonalki, igarri izan dut. Zelan kostatzen zaigun berba egitea eremu batzuetan, egoera batzuetan. Eta diozu, ‘honen atzean zeozer dago. Gai naiz zerbaiten inguruan berba egiteko, baina ez naiz ausartzen, edo pentsatzen dut galarazita dudala edo berba egiten badut norbaitek zigortuko nauela’. Isilpenaren inguruan ere nahi izan ditut islatu belaunaldi arteko traumak, zelako garrantzia izan duten, eta gure izaera ere markatzen dutela. Heriotza da lantzen duzun gaietako bat. Suizidioa, zuzenean. Kontakizun oso gogorra da. Tabuari heldu diozu. Alde horretatik striptease integral bat izan da. Ni lotsabakoa naizenez ez zait inporta! Depresioa da gaixotasun bat batez ere emakumeok pairatzen duguna, oso ohikoa da eta ematen du tabua dela, ez da horretaz berba egiten, eta bestalde, ematen du berba egiten denean ez dela hain larria. Gaur goizean pentsatzen egon naiz gaixotasun larri bat daukazunean eta medikuak esaten dizunean hil zaitezkeela, zure ahalegin guztiak egiten dituzu hori ez gertatzeko. Depresioa da gaixotasun bakarra gaixoak berak heriotza bilatzen duena. Telebistan entzun nion neska bati kontatzen zuela bere amak bere buruaz beste egin zuela, baina matizatu egin zuen terminologia. ‘Nire amak ez du bere buruaz beste egin, nire ama hil da depresioaren ondorioz’. Eta egia da. Beste ikuspegi bat eman behar genioke gaiari eta tabuekin apurtu. Espero dut gainera hainbat jenderentzako izatea baliagarria ikustea gauzak apurtzea ona dela normaltasun baterantz hurbiltzen bagara. Zergatik ez dugu berba egingo horrelako gauzez? Gainera hain sentimendu gogorrak izanda! Gauza berdina gertatzen da oro har gaixotasun mentalekin. Tabuak dira horiek ere. Eta beldurra diogu ‘zoroen’ kanonen barruan sartzeari. Gaixotasun fisikoekin ez daukagu, ordea, halako arazorik. Nik zorte ona izan dut. Inguruak ere asko baldintzatuko duela pentsatzen dut… Ez dakit inguruak baldintzatzen duen. Nik borroka pertsonal baten moduan ikusten dut, norbera bere buruaren kontra. Agian momentu horietan gehienbat ikusten duzuna da ingurukoek ez dutela ulertzen, norberak ere ez du ondo ulertzen zer gertatzen ari zaion. Ingurukoen aldetik frustrazioa da nagusi askotan, ezin zaituztelako lagundu. Ez dago modurik laguntzeko norberak ez badu egiten. LAB sindikatuan lanean aritua zara, ez dakit jarraitzen duzun. Bai, oinarrizko egituretan. Lan mundua ezagutzeko aukera izan duzu. Prekaritateak ere laguntzen du gaixotasun mentalen eremu horretan sartzen. Bai, eta gainera datuak hor daude. Hazkunde izugarria egon da. Eta normala da. Azkenean, lanak baldintzatzen du zure bizitza osoa, eguneroko bizimodua, eta lan baldintzak kaskarrak badira, bizi osoa baldintzatuta daukazu, ez duzu bizimodua planteatzeko ahalmen handirik. Bere buruaz beste egin zuten emakume idazle batzuen aipuak eta beste idazle batzuenak txertatu dituzu lanean. Ea denak gogoratzen ditudan… Miren Agur Meabe, Virginia Woolf… ...Sylvia Plath, Marina Tsvetayeva, Miyo Vestrini… Horiek guztiek nolabaiteko haria osatzen dute liburuan zehar atalak eskaintzen baitizkiet. Hurbilketa bat egiteko balio du. Idazleak izanda euren testuetan badaude beraien pentsamenduak. Apur bat arakatu ahal duzu zer sentitzen zuten. Parekotasunak edo desberdintasunak bilatzeko ahalegin bat egin dut, ez idazleak diren aldetik, baizik emakumeak diren aldetik. Betidanik izan dituzu emakume horien lanak zure irakurketen artean? Bai, betiko irakurketak dira. Denak dira oso ezagunak gainera, idazle handiak. Idazle hauen aipamenak ikusita, kasik saihetsezina da euskal letretan dagoen beste kasu bat gogora ekartzea, Alaine Agirrerena, hain zuzen. Psikiatrikotik idatzi izan ditu bere lanetako batzuk. Ez dakit bere literatura jarraitu duzun. Ez dut irakurri arrazoi horregatik, baina erosiak ditut. Hor ditut, momentua noiz iritsi. Beldurra diozu gauza batzuk irakurtzeari? Izan izan dut, bai. Agian udan izan daiteke momentu aproposagoa irakurtzen hasteko. Guztia ikusten da argiago, eguzkitsuago. Estigmekin apurtzeko balio izan du zure lanak? Hori esatea potoloa da. Horretarako balioko balu! Zerbait idazten denean beti bilatzen da gutxienez irakurriko duenaren barruak astintzea. Gero, zer eragin edukiko duen, pertsona bakoitzaren araberakoa izango da. Zuk idazten duzuna jendeari heltzea beti bilatzen duzula uste dut. Hori izan da zure helburua saiakera honekin? Uste dut baietz, bai baitakizu gauza gogorrak idazten ari zarela. Idazketa estilo zuzena darabilzu. Uste dut nire estiloa hori dela, apur bat makarra, nahiko zuzena. Ez dauka lore joko askorik. Niretzat garrantzitsuagoa da mezua, forma biluziago bat, mezua errazago heltzeko. Irakurleak gerturatu zaizkizu dagoeneko? Goiz da oraindik. Ingurukoek irakurri dute. Eta lagun batek esan zidan hasi zela irakurtzen eta negarrez hasi zela. Nik idazten dudanean pentsatzen dudan balizko irakurlea ezezagun bat da. Agian hori izango da modua gauzak errazago kontatzeko. Baina ez dut sekula pentsatzen ingurukoek ere irakurriko dutela. ‘Zelako putada egin diodan!’, pentsatu nuen. Momentu latz horietan idatzitako lanari, ziklo horri, amaiera eman diozu honekin? Proiektu asko ditut buruan, baina denborarik ez. Ez dut uste beste inoiz idatziko dudanik hain gauza pertsonalik. Gauza pertsonalak bai, azken batean bada errealitatea aztertzeko modu bat. Baina hain barrukoa uste dut ez dudala berriro egingo. Lehen esan duzu striptease totala izan dela. Ez dakit beldurrik edo bertigorik izan duzun argitaratzerako orduan. Egia esan ez, batez ere inkontziente hutsa naizelako. Zure alde doa hori. Beti izan naiz horrelakoa, lotsa gutxi eta inkontzientzia asko. Filosofia ona da bizitzeko. Bai, noski. BERRIRO EZ «Ez dut uste beste inoiz idatziko dudanik hain gauza pertsonalik. Gauza pertsonalak bai, azken batean bada errealitatea aztertzeko modu bat. Baina hain barrukoa uste dut ezetz» ASTINTZEA «Zerbait idazten denean beti bilatzen da gutxienez irakurriko duenaren barruak astintzea. Gero, zer eragin edukiko duen, pertsona bakoitzaren araberakoa izango da» STRIPTEASE-A «Suizidioari buruz hitz egitea striptease integral bat izan da. Ni lotsabakoa naizenez ez zait inporta!» ISILPENA «Andrazko guztiok egiten badugu gure buruaren azterketa bat konturatzen gara gehienon kasuan isilpenak pisu handia dutela. Nik, pertsonalki, igarri izan dut. Zelan kostatzen zaigun berba egitea eremu batzuetan, egoera batzuetan» NEGAR «Lagun batek esan zidan hasi zela irakurtzen eta negarrez hasi zela. ‘Zelako putada egin diodan!’, pentsatu nuen»