GARA Euskal Herriko egunkaria

Garapen profesionalerako ordainketak Osakidetza eta sindikatuak aldendu ditu

Auzitegiek 2011ko lanbide-garapenerako deialdiaz ebatzitakoari helegitea aurkeztuko dio Osakidetzak eta osagarriok 2019an ordaintzea erabaki du; sindikatuek, aldiz, «berehala» egiteko exijitu dute. Guztira, 100 milioi euro dira. Bestalde, LEParen inguruan eskatu den analisi estatistikoaren emaitzen berri emango du sailak Legebiltzarrean.


Ez ziren pozik atera sindikatuak Osakidetzarekin atzo izan zuten Mahai Sektorialetik. Azken honek 2011ko maila berrien karrera profesionalaren osagarria 2019an ordaintzen hastea proposatu die. Sindikatuek, ostera, ordainketa «berehala» egin dezala exijitu diote. Halaber, garapen profesionalerako deialdi berriak negoziatzeko borondatea agertu zuen Osasun Sailak.

Sindikatuek EAEko Auzitegi Gorenaren ebazpena gogora ekarri zuten. Horren arabera, Osakidetza derrigortua dago 2012an bertan behera utzitako lanbide-garapenari dagokion kopurua ordaintzera. Guztira, 100 milioi euro baino gehiago. Osakidetzak, baina, helegitea aurkeztea erabaki du eta, egoera argitu bitartean, 2019an ordaintzen hastea proposatu du.

«Gogoratu behar da 2011ko lanbide-garapeneko deialdia etenda dagoela, 2012ko, 2013ko eta 2014ko Aurrekontuen Legea aplikatu delako. 2014an Osakidetzak deialdia mahai sektorialera eraman zuen, sindikatuekin akordio batera iristeko ahalegina egiteko», defendatu zuen, lanbide-garapeneko deialdi berriak egin ahal izatea berretsiz.

Gai gehiago ere jorratu ziren. Adibidez, Osakidetzan mugikortasun-eredua ezartzeko zirriborroa, non lekualdatzeen lehiaketa irekia eta etengabea proposatzen duen.

Iaz egindako lekualdatzeen lehiaketa dela eta, argitaratu dira ospitale-eremuko langileen esleipenak. Ostiralean osasun-arloko teknikari espezialisten behin-behineko helmugak argitaratuko dira, eta uztailaren 20rako erizaintzako langileena.

Negoziazio kolektiboaren baitan negoziatzeke dauden gaien artean Larrialdi Zerbitzuetako lan baldintzak daude.

LEParen azken datuak

Etendako lan eskaintza publikoko deialdien eta informazio-espedientea duten deialdien berri ere eman zuen bileran Osakidetzak. Egun, lau espezialitateren prozesuak eten dira. Emaitzen koherentziaren inguruko analisi estatistikoa agindu zaio kanpo-aditu bati, eta horren emaitzen berri Gasteizko Legebiltzarrean emango duela jakinarazi du Osasun Sailak.