GARA Euskal Herriko egunkaria

Tubacex-en soldata igoerak lortu ditu ELA sindikatuak

Arropak doan garbitzea, adingabeak zaintzeko baimena luzatzea eta norberaren aukerako egunak ordu soltetan hartu ahal izatea ere lortu du sindikatuak. LABek, aldiz, uste du ez dela gehiegi hobetu.


ELA sindikatuak Tubacex enpresan hitzarmena sinatu du datozen urteetarako, langileen %70ek ontzat eman baitu eskaintza.

Hitzarmen honi esker langileen erosahalmena igoko da, soldatek gora egingo dutelako. Era berean, 1958, 1959 eta 1960an jaiotakoentzat errelebo kontratua aplikatzea lortu dute. Hori dela eta, 2023ko erdialdera arte aplikatuko da praktikan, eta errelebo hartzaileak finko bihurtuko dituzte.

ELAk esandakoaren arabera, «hitzarmenaren barruan 80 kontratu finko baino gehiago egingo dira, eta, gainera, beste hobekuntza hauek ere lortu dira: laneko arropa dohainik garbitzea; 5 urtera arteko adingabeak zaintzeko lan utzialdia luzatzea; edoskitzaro baimenaren denbora metatu ahal izatea; eta norberaren erabilerako egunak ordu soltetan hartu ahal izatea».

Horrez gain, erreformaren aurkako klausulak mantenduko dira (aurreko hitzarmenean lortu zuen sindikatuak klausula horiek txertatzea, aurrera-eragin mugagabea izateko), malgutasuna mugatuko da, eta enpresak salbuespenik gabe bete beharko du hitzarmena.

ELAren hitzetan, «hitzarmen hau negoziazio gogor baten emaitza da, atal sindikalaren ganorazko eta taxuzko lanaren fruitua, hain zuzen ere, eta Laudioko eta Amurrioko lantegietako langileen gehiengoaren onespena jaso du.

CCOOk ere akordioa babesten du. LABek, ordea, uste du sinatutakoa ez dela aldez aurretik langileek baztertu zuten aurreakordioa baino hobea. Esaterako, aldi baterako kontratuak finko egiteko irizpiderik ez dute zehaztu.