GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

«Jai level»


Pablo Casado euskaldunon hiriburuko plazan ikusteak Ariel Sharonen irudia ekarri zidan burura. Al-Aqsako meskitako zabalgunetik oinez, azken Intifadaren bezperan. Badakit oso egoera ezberdinak direla, baina nire buruak irudi biak lotu zituen.

Casadok PPkoen botoak erakartzeko darabilen diskurtsoa hurrengo espainiar hauteskunde kanpainan datorkigunaren spoiler-a izan liteke. Alderdi independentistak ilegalizatzeaz mintzo da. Helburu ilegalak dituztenez, ilegalak izan beharko lukete. Gainera, alemaniar konstituzioak itxura bereko artikuluren bat ei dauka; beraz, Europar Batasunak ez luke arazo izan behar.

Ez zaizkio axola euskal preso politikoen lagun eta senideak. Argi eta garbi adierazi du berdin zaizkiola asteburueroko milaka kilometro, istripu, zauritu eta hildakoak. Orain arte soilik Israelek eta mafiek praktikatzen zuten printzipio bati egin dio men; etsaiaren senitarteko eta lagunak zigortzea etsaiaren zigorraren parterik garrantzitsuena da. Palestinan etxeak botatzen dizkiete; hemen, loteria zital batera jolastera derrigortu.

Pastelaren gindarako, «batasunoei» egozten die bere askatasunarekin amaitu nahi izatea. Gure hizkuntza hain ahul egongo ez balitz, laster hasiko zitzaizkion UPNko bozkatzaile euskaldunak kexuka. UPN euskaraz Herri Nafarraren Batasuna, edo antzeko zerbait, baita.

Ondorioz, berak uste baino askoz batasuno gehiago dago Nafarroa Garaian. Baina ez dut uste UPNkoek euren izena lingua navarrorumera itzultzeko premiarik sentitu dutenik sekula.

Casadoren diskurtsoa adierazpen askatasunaren barruan sartuko dugu. Kezkagarriagoa dena diskurtso horren kontestua baita. Pablo Casado ez da GARAko iritzigile zoro bat, pentsatzen duena adierazten duena, nahiz eta jakin askatasun publiko horrek faktura pasatuko diola.

Ez, Pablo Casadok esaten duena esaten du konbentziturik dagoelako, ordezkatzen dituen botere faktiko guztiak bezala, diskurtso hori dela PP barruan jenderik gehien erakartzeko aukera ematen diona.