GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ez zaudete bakarrik


Soinean kiroletako galtzak eta sudadera dituztela doaz lotarako aterpe bila. Batzuk burumakur, beste batzuk desorientatuta ingurura begira. Azken asteak inork nahiko ez lituzkeen baldintzetan bidaiatzen eman dituzte. Polizoi modura edota pateran itsasoa zeharkatuz lehenengo. Autobusez gero, kolapsatuta aurkitu duten lurralde batetik iparralderantz ehunka kilometro igaroz. Azken asteotan taldean iristen ikusi ditugu etorkin eta errefuxiatuak. Ezohiko irudia, zenbaiti asaldagarri egin zaiona, Euskal Herrian lur hartu duten gizon eta emakume horiei ez ote zaien amesgaizto ohikoegia egiten...

Zer bilatzen duten ongi dakite: ihesbidea eta babesa. Zer topatuko duten ez. Bilbo eta Donostiara iritsitako etorkinek izandako harrerak kezka eragin du. Baliabide eta koordinazio falta nabarmena izan da eta zenbait elkartek hartu behar izan dute euren gain erakundeek eskaintzen ez zuten arreta. Herritar boluntarioak izan dira kasu askotan jana eta arropa banatu dituztenak. Herri honen aurpegirik onena erakutsi dute, baita instituzioei konpromisorako deia egin ere. Bistan da migrazio politikei dagokienez gabezia izugarriak daudela, europar instituzioetatik hasi eta gertuen ditugunetaraino. Urrutira joan gabe, atzo jakin zen Auzitegi Gorenak espainiar Estatua kondenatu duela 2015ean Europar Batasunak esleitutako asilo eskaerak ez tramitatzeagatik.

Euskadiko CEARek milaka lagun artatu zituen joan den urtean. Gizarte eragileek arreta eskaintzen segitzen dute egunero. Zaila egiten zait gurera datozen horiek nola sentitzen diren imajinatzea, baina jakin dezatela ez daudela bakarrik.