GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Bakardadea


Britainia Handiko Gobernuak urtarrilean Bakardadearen Ministerioa eratu zuen. Egungo gizartearen gaitzik handienetakoa Estatu auzi bilakatua. Arte katean ikusi dut. Kiran Chahal londrestarrak dio, «hiriak komunikatzea eragozten du. Autobus batean sartzeak bihotza hausten du, bakoitza bere munduan sartuta doa». Inoizko garairik konektatuenean, inoizko tokirik konektatuenetan, bakardade itzela.

Datu batek harritu ninduen. 65 urtetik gorako herritarren artean oso ohikoa da bakardadea. Baina 16 eta 24 urte arteko gazte gehiago sentitzen dira bakarrik 65 urtetik gorakoak baino. Kiranek dio berak bikotekidea eta lagunak dituela, aita ere sarri ikusten duela baina bakarrik sentitzen dela, hala ere, askotan. Smartphonea eskuetan hartu eta sare sozialetan jendea zoriontsu ikusten du eta horrek bakardade sentsazioa areagotzen dio. «Ni bakarrik sentitzen al naiz ba horrela?». Itxuraren gizartean bizi gara.

Zaintza krisiaz hitz egiten da eta bakardadea ere bada horren parte. Gizarte gero eta indibidualizatuagoan, komunikatzeko eta harremanak izateko gero eta arazo gehiago hautematen dira. «Isolatuta eta iluntasunean sentitzen zara, hiriko argi guztiak itzaliko balira bezala». Depresioak, beldurrak areagotzen dira. Arazo psikologikoak. Suizidioak.

Gizakia animalia soziala da. Komunitatea behar dugu bizitzeko. Maitasuna behar dugu. Laztanak, entzungo gaituen norbait, eta ordenagailu batek nekez ordezkatuko du hori.

Badira dagoeneko Laztanen Terapeutak. Diru truk laztanak ematen dituzten terapiak dira. «Ongizatearen paseoak» egiten dituzte, eskutik helduta paseatuz eta hitz eginez, bikotea balira bezala. Gazteak dira asko. Jendartearen porrot handi bat iruditzen zait horraino heldu beharra.

Komunitateak antolatzen hasi dira batzuk. Kiranek «Peoples Kitchen» ekimena jarri du abian, astean behin herri bazkariak egiteko bakarrik sentitzen den jendea elkartu dadin. Ministerioa urrun sentitzen dute gertutasuna behar dutenek. Baina Estatu interbentzioak ere beharko dira politika zehatzetan gaitz hauei aurre egiteko.