GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Presotour


Uda partean horren entzutetsua den Tourra Euskal Herritik igaroko da uztailaren 28an. Astebete lehenago, beste txirringa lasterketa partikularra abiatuko da: Orain Presoak Tourra. Mont-de-Marsaneko espetxean hasi eta lau egunez euskal lurraldea zeharkatuko du, Zaballako kartzela aitzinean bukatzeko. Aldarrikapena ezaguna da, presoen egoerari legez eta gizalegez heltzea eta mendekuzko espetxe politika dadin lortzea.

Hemeretzi dira jada Parisek Euskal Herrira gerturatu dituen euskal preso politikoak, Estatu frantsesean giltzapean dituztenen %40. Beste hiru familiaren errepideetako odisea leundu dute, (zer esanik ez, Goieaskoetxeatarrena, beste senide bat ere preso baitute Galizian).

Txikiak izan arren, norabide onean doazen urratsak. Hori bai, kostata eginak, zeren urteetako hamaika aldarrikapen eta ahaleginen akuilurik gabe argi da ez zutela pausorik emango. Horiek gabe, presoen «arazoa» soilik beren gertukoenen agendan izango zen, eta ez bi estatuen agenda politikoan. Hori bezain argi daukat aurrerantzean ere egingo den presioaren ondorioz soilik lortuko dela «arazo» hori –deportatu eta iheslariena bezala– behin betiko euskal agendatik desagertzea. Galdu behar ez dugun iparrorratza delakoan nago.

Izan ere, Pariseko tresneria errepresiboaren etengabeko tourrak ez du atsedenik hartzen. Duela egun gutxi, joan den udazkenean enegarrenez birmoldatutako lege «antiterroristaren» haritik, Edouard Philippe lehen ministroak 30 neurri berri iragarri ditu. Horien artean, Fiskaltza antiterrorista berezia sortzea (orain Pariseko Auzitegiko 14. sekzioa arduratzen da gaioz) eta espetxetik irtengo diren kondenatuei (450 bat izango dira hemendik 2019 bukaerara arte) jarraipena egiteko zelula berezia plantan ematea. Nagusiki eraso islamistei erantzuteko omen dira, baina aspaldi egiaztatu dugu, horien aitzakian, euskal militante eta herritarrei ere, inolako ñabardurarik gabe, aplikatu izan eta aplikatzen zaizkiela. Horren adibide dugu ditxosozko Fijait fitxategia, zigorrak bete ostean ere Poliziaren begipetik libratzea eta erabateko askatasuna berreskuratzea eragozten diena.