Haritz LARRAÑAGA
Surfa

Masters lehiaketa mitikoa:Antzinako surflari onenak bilduko dira Azoreetan

Munduko Masters txapelketa izango da irailean Azore uharteetan. Surfaren historian eragin handia izan duten 45 eta 55 urtetik gorako 26 surflari berriz ere munduko titulu bat eskuratzeko itsasoratuko dira.

Surflari mitikoz osatutako txapelketa mitikoa izango da The Azores Airlines World Masters and Grand Masters Championship. Antzeko txapelketa bat egin zen azken aldia 2011. urtean izan zen, Brasilen, Rio de Janeiron. Txapelketa hura Nathan Webster eta Iain Buchanan surflariek irabazi zuten, baina ez zuen oihartzun handirik izan.

Oraingo honetan, ostera, ikusmin handia sortzen ari da, parte hartzaileen artean izen ezagun gehiago baitago. WSL erakundeak babestuko duen lehiaketa hau egiteko hautatu duten lekuak ere izan du eraginik. Lehiakide gehienek aitortu dutenez, leku berri bat ezagutuko dute eta horrek gonbidapenari baiezkoa ematen lagundu du; izan ere, parte hartzaile hauek mundu osoko olatuak ezagutzen dituzte eta ez da erraza oraindik ezagutzen ez duten leku bat topatzea.

Iain Buchanan

Egun ia 60 urte dituen Zeelanda Berriko surflariak Brasilen irabazi zuen azken Masters titulua, baina Azoreetan maila altuagoa izango dela adierazi zuen: «Ohore bat da txapelketa honetan parte hartzeko gonbidapena jasotzea, eta are gehiago nortzuek parte hartuko duten ikusita; izan ere, surfaren historiari forma eman dioten surflariak izango dira Azoreetan, batzuk, aspaldi lehiatu ez direnak».

Txapelketa nork irabaz dezakeen galdetuta, ordea, honakoa erantzun zuen Buchananek: «Guztiak daude sasoi onean; beraz, lehia handia izango da, edonork irabaz dezake».

Lehiakideen artean badira azken urteetan lehiatu ez diren arren WSLko txapelketetan esatari gisa edo elkarrizketetan ikusi ahal izan ditugunak, baina beste batzuk urte luzez «ezkutuan» egon dira. Hain zuzen ere, surflari horiek egun nola surf egiten duten ikusteko jakin-min handia dute zaleek.

Lehiakide famatuak

Portugalen surfa sustatzeko Gobernua eta hainbat erakunde egiten ari diren ekimenen baitan kokatzen da lehiaketa hau eta esfortzu berezia egin dute antzinako surflari mitikoenak Sao Miguel uhartean batzeko. Bi kategoria izango dira; batetik, Men Masters delakoa, 45 urtetik gorako 12 surflari bilduko dituena, eta bestetik, Men Grand Master kategoria, 55 urtetik gorako 9 lehiakide bilduko dituena. Lehen aldiz, nesken kategoria bat ere izango da, baina sei lehiakidek soilik hartuko dute parte.

Nesken artean, zazpi bider munduko txapeldun izandako Layne Beachley eta lau bider munduko txapeldun izandako Frieda Zamba izango dira. Lehiakideen egungo argazkiak ikusiz gero, emakumeak askoz ere sasoi hobean daudela agerikoa da, edo gutxienez, itxura hobea dute. Ondorioz, nesken kategoriako maila gizonezkoena bezain altua izan daiteke.

Gizonezkoetan ere oraindik oso ezagunak diren izenak ageri dira parte hartzaileen zerrendan; esaterako, Martin Potter, Sunny Garcia, Tom Curren eta Marc Occhilupo. Zaharragoak direlako ezezagunagoak izan arren, surfaren historian beren izena itsatsi duten lehiakide esanguratsuak ere izango dira, Shaun Tomson eta Wayne “Rabit” Bartholomew, kasu.

Hiru lemako taulak diseinatu eta erabiltzen hasi zen Simon Anderson australiarra ere han izango da: «Ez naiz inoiz Azoreetan egon; beraz, olatu berriak ezagutzeko aukera paregabea izango da, eta bide batez, nire karkasa zahar honetatik hoberena ateratzeko lantzen ari naizen taulen forma berriak probatu ahal izango ditut», adierazi zuen taula egile mitikoak.

Santa Barbara hondartzan izango da txapelketa, irailaren 18a eta 23a bitartean. Hondartza hau ezaguna da hamar urtez QS mailako txapelketa bat egin izan delako, baina noizbait munduko txapeldun izan diren surflariak bilduko dituen lehen aldia izango da. Horrela, WSL-ko hiru munduko titulu Azoreetan erabakiko diren lehen aldia ere izango da.