Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Amazon Prime Day

Pasa den astelehen eguerditik astearte gauerdira egin zen aurtengo Amazon Prime Day: Amazonek urtean gehien saltzen duen eguna omen dena. Deskontu bereziak eskaintzen ditu ordu horietan, Amazon Prime zerbitzua kontratatua duten erabiltzaile edo kontsumitzaileentzat. Albistegietan ere azaldu da, espainiar Estatuko, Poloniako eta Alemaniako biltegietako langileek greba deitu dutelako, soldaten igoera eta lan-baldintzen hobetzea eskatzeko.

Ez da Amazoneko langileak grebara doazen lehen aldia. Duela hilabete gutxi egin zuten beste bat Madrileko biltegian. Amazonek zenbait lan-baldintza aldatu zituen orduan, baina langileen ustez okerrera egiteko besterik ez zuen balio izan. Han eta hemen irakur daiteke munduko biltegi ezberdinetan langileek bizi duten antsietate mailaz eta enpresaren aldetik jasotzen duten presioaz. Batzuek lanpostuak sortzen dituela argudiatuko dute. Baina nabaria da lanpostu duinak ez direna. Eta, hain zuzen, merkataritza elektronikoaren jabe (eta monopolio) bilakatzeko estrategia oso baten bi aurpegiak dira hauek: langileen egoera prekarioa eta Prime bezalako leialtasun estrategia bortitz bat.

Amazon Prime ordaintzen den zerbitzua da, hileko edo urteko kuota batekin (apirilean 100 milioi harpidedun zituen). Horren truk, egun bat edo bitan erositakoa etxeraino eramaten du, gainkosturik gabe. Era berean, deskontu bereziak eta zerbitzu gehigarriak eskaintzen ditu. Hau da, deskontuak izateko ordaindu egiten da. Eta, beraz, erosi egin behar da ordaindutakoa deskontuetan itzul diezazuten. Ordaindutakoaren balioa lortzeko.

CIRP ikerketa zentroak urtarrilean egindako ikerketa batek dioenaren arabera (https://labur.eus/FvxRz), Prime bezeroek, bezero ez direnen bikoitza gastatzen dute urtean Amazonen. Eta Prime direnek gero eta gehiago erosten dute. Eta horrexegatik, gezurra badirudi ere, Amazonek Prime zerbitzua garestitzeak kontsumoa handitzeko estrategia bati erantzuten dio. Ulertzen baita, erabiltzaileek zenbat eta gehiago ordaindu, orduan eta gehiago kontsumitu behar dutela ordaindutakoaren balioa bueltan jasotzeko.