Amaia Erdozia, Juan Kruz Aldasoro, Aritz Igoa, Iraitz Goñi eta Ander Muñoz
Etxarri Aranazko Sorturen izenean
KOLABORAZIOA

Manolo Campos, herriaren alkatea

Alkaterik onena, Herria». Franco hil eta 78ko erregimen ustela ekarri zuen trantsizio garaian, esaldi horrekin laburbildu zuen Herri Batasunak herrigintzaz eta udalgintzaz zuen ikuspegia. Beste hainbat arlotan bezala, Euskal Herria ukatuz egin zen trantsizio iruzurti hark ez zuen benetako demokratizaziorik ekarri udaletara.

Madrilen onartutako “Ley Reguladora de Bases de Régimen Local” zeritzona lege guztiz atzerakoia zen. Lehendik Konstituzioak eta estatutuek ezartzen zituzten mugak estuak bazir en, lege hura Euskal Herriaren burujabetza eta udal autonomiaren hil-kanpaia izan zen. Horrelakoxea zen inposatu nahi zen udalgintza eredua: bertikalista erabat, herritarren parte hartzea gero eta gehiago murriztuz politiko profesionalak jainkotzen zituena, ordezkarikeria eta ustelkeria ezaugarri nagusi. Herri Batasunaren herrigintza eredua zeharo bestelakoa izan zen. Herritarren behar hurbilenak hobekien ezagutzen zituen erakundea izanik, herritarren eskura egon behar zen tresna izan behar zuen Udalak. Udalaren zeregina ez zen gainera amaitzen udal barrutiko mugetan; funtzio garrantzitsua jokatu behar zuen Euskal Herriaren eraikuntzan. Horren adibide izan ziren-dira 76. urtean Bergaran eratutako Alkateen Taldearen lana eta gerora sortu diren hainbat erakunde eta ekimen: UEMA, Eudima eta Udalbiltza bera.

Berrogei urte luzez ezker abertzaleak garatu duen udalgintza eredu eraldatzailearen benetako protagonistak beraien onena eman duten milaka eta milaka herritar militante anonimo izan dira. Izen batzuk, ordea, larru azalean grabatuta geratu zaizkigu izan duten karismagatik. Etxarri Aranatzen, Tomas Huizi Mendiola, Patxi Karasatorre Imaz eta aste honetan bertan zendu den Manolo Camposen figurak nabarmendu behar dira.

Manolo herritik sortutako alkatea izan zen, xumea, bizitzaren eskolan hezia, pentsaera guztietako herritarrekin konektatzeko dohain ezohikoa zuena. Alkate izan zen hiru urte laburretan, aztarna sakona utzi zuen herrian. Garrantzitsua ere Euskal Herriari egindako ekarpena: Espainiako Armadari hortzak erakutsi zizkion intsumisioen mugimendu zabalari babesa eman zioten alkateen erreferente nagusia izan zen; eta horregatik kargugabetu zuten, Armadari herriko mutilen zerrendak ez bidaltzeagatik. Aipatzekoa ere 1991ko urrian, Manolo bera alkate zela, Etxarri Aranatzen abiatu zen Independentziaren Aldeko Udalen ekimena. Herri Batasuna eta Eusko Alkartasunaren hautetsiak izan ziren ekimen haren aitzindari, indar abertzaleen arteko harremana gaiztotuta zegoen garai batean. 25 urtek ematen duten ikuspegiarekin, esan genezake ekimen hark oinarria jarri zuela independentisten elkarlanerako, azken urteotan emaitza ikusgarriak eman dituena: independentziaren inguruko herri galdeketak (Etxarri Aranatzen egin zen lehena 2014ko apirilean), EH Bildu plataforma beraren gorpuztea...

Igande honetan, uztailaren 29an, 13:00etan, Manolo Camposen omenezko agur ekitaldia eginen dugu Etxarri Aranatzen. Familiari gure berotasuna eskaintzeko, Manoloren ekarpena eskertzeko eta Euskal Herriaren askatasunaren bidea ibiltzen segitzeko indarra hartzeko. Gonbidatuak zaudete.