GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Thomasen teoremaren txinparta


Txinparta bakarrak sutu omen dezake belazea (gurea baino toki lehorragoan beharko du, aurten behintzat; baina itzulpenak beti du bihurrikeriaren bat, batez ere hirugarren eskukoa denean) esan omen zuen orakuluak, zaharragoen hitzak hartuz. Tira, bai, txinpartak pizten du sua, gurean ere. Aspalditik.

Endredoa da aspaldi hartan mirari desiragarria zirudiena arrunkeria beldurgarria dela orain. Gero eta maizago. Australian bezala Galizian, Kalifornian bezala Portugalen... txinparta bakarrak piz dezakeela bizitzak eta ondasunak kiskaltzen eta natura bera biziki zaurituta uzten duen sutea. Hori guztia klima aldaketarekin, eta haren eragilea den gizakiaren jarduketarekin, lotzea da jada delibero zentzuzkoena. Ondorio guztiekin.

Greziako Atikan pasa den astean 100 pertsona baino gehiago erre edo ito zituzten suteek, hala ere, ertz berriak agerrarazi dituzte. Alde batetik, erabat berria ez dena, baina Greziako kasuan lehentasunezkoa bihur daitekeena, eragin politikoa. Tsiprasen gobernuak larrutik ordain ditzake bereak bakarrik ez baina bereak ere badiren erantzukizunak.

Baina berriena da aurreko horren segidan agertzen hasi dena. Ondorio geopolitikoa. Sute izugarri horien aurrean, greziar askok, zaila da antzematen zenbatek, ebatzi bide dute nahitara piztuak ez ezik, jakina, etsaiak (nork bestela?) piztuak izan direla. Eta etsaiak Grezian izen bat du: Turkia. Arerio historikoa eta lehiakide zuzenena turismoaren merkatu gupidagabean.

Gauzak horrela, W. I. Thomasen teorema bururatzen zait niri: «Gizakiek zerbait errealtzat hartzen badute, errealak izango dira haren ondorioak». Horregatik ez dut pentsatu ere egin nahi greziarren gehiengoak hipotesi konspiratiboa onar dezakeenik...

Baina ziur nago hondamendi ikaragarrien aurrean (eta horietakoak dira horrelako suteak, alafede) XXI. mendeko gizakiaren erreakzioak aurreko milurtekokoen antzekoak direla. Alegia, errudunak beharko dituela, konpontzerik ez duenaren aurrean.