Ruben Pascual
Kazetaria
IKUSMIRA

Apustu egitea ez da jolasa

Gure herriak ia berezkoa izan du beti apusturako joera: dela pilotan, dela herri kiroletako desafioetan, idi proba eta antzerakoetan ere ez dira falta izan... Halakoak normaltasunaren baitan ikusi izan ditugu beti gurean.

Azkenaldian, baina, biderkatu egin dira online apustuak egiteko aukera eskaintzen duten enpresak. Herri eta hirietako tabernak apustuetarako makinez bete dizkigute, gero eta gehiago dira han-hemenka irekitzen ari diren lokalak eta ez dira gutxi babesten dituzten kirol taldeak: Retabet Bilbao Basket, Kirolbet Baskonia edo Alaveseko jokalarien elastikoaren paparrean agertzen den Betway, inguruan ditugun adibide batzuk besterik ez dira.

Tamalez, inor gutxiri egiten zaio deigarria jada makina horietako baten bueltan gaztetxo talde bat builaka eta futbolaz, arraunaz edota belar-hockeyaz apustuak egiten ikustea. Naturaltasun kezkagarri batekin barneratu ditugulakoan nago eta uste dut askotxo falta zaigula ludopatiak suposatzen duen arazoaz eta ekar ditzakeen ondorioez jabetzeko.

Hilaren 26an herrian apustu etxe bat irekitzearen aurka protesta egin zuten azpeitiarrek eta Italiako Gobernuak ere iragarri du negozio horiei muga zurrunak jarriko dizkiela. Horixe baitira, negozioa, eta itzela gainera. Haien mozkin ikaragarriak ez daude inoiz zoriaren menpe.

Garaia da, beraz, hemen ere aferari merezi duen garrantzia eman, arduraz jokatu eta ludopatiaren gaitza hedatu ez dadin neurri eraginkorrak hartzeko. Orduan bai, denok irabaziko dugu.