AUG. 07 2018 IKUSMIRA Zain... Xole Aramendi Kazetaria Atzo goiza. Goizeko zazpiak. Iratzargailuak asteburuaren edertasunetik bortizki atera nau. Autoari ITV inspekzioa pasa behar diot lanera sartu aurretik. Hitzordua baino ordu laurden lehenago iritsi naiz. Ez alferrik. Denbora luzez egongo naiz autoaren barruan, ilaran, zain. Ni bestela inguruko beste dozenaka auto-jabe. Eguzkiak gogor jotzen du. Baina inor ez da kexu. Norbere autoaren barruan, bere malaletxearekin. Denok isilik. Madarikazioak tripa barrenetik eztarrirako bidea egiten duenean seko geratzen da han. Mutu. Azkenean iritsi da nire txanda. Ordubete daramat zain. Langileak adeitsu hartu nau. Gaitz erdi. «Ohikoa da ilara luze hau?», nik. «Bai», hark. «Edo abuztuan langile gutxiago zaudetelako da?», berriz nik. «Ez, kontua da enpresak lana ez duela ondo antolatzen». «A, primeran!», diot neurekiko. Banoa. Ilara etengabe berrituz doa. Lanera nator arrapaladan, neure burua baretzeko ahaleginean. Andrea Köhler idazle eta eta kazetariari irakurritakoak datozkit gogora. «Produktiboa dena ez egiteari ez zaio beldurrik izan behar». To! Ezin aproposagoa astelehen goizerako. «Askatasunaren eta memoriaren aurkakoa da presa», dio aurrerago. Zain egoteari abantailak besterik ez dizkio ikusten. «Pentsatu eta geure buruarekin konektatzeko aukera eskaintzen digu», «itxaronaldiak moztearekin antsietatea gehitu besterik ez dugu egiten». Zalantzan nago, haizea hartzera bidali ala bere liburua irakurri, ea zerbait ikasten dudan... Hurrengo batean kontatuko. Zuek ere, nahi izanez gero, hortxe duzue: “El tiempo regalado“ (Libros del Asteroide).