Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Kirola eta naziogintza

Euskal zaleen bikaintasunaz asko aritu dira azken egunetan, Frantziako Tourraren testuinguruan. Senpere eta Ezpeleta arteko erlojupeko etapara ikurrinekin joateko deialdia arrakastatsua izan da eta hemen badela herri bat erakutsi du irudi ederren bidez. Alpeetako etapetan ikusitako zaleen jokaera lotsagarriaren ondoren are lore gehiago eragin ditu gainera euskal zaleen jarrerak eta grinak. Hasi Tourraren antolakuntzatik eta txirrindularietaraino, hitz onak. Eskertzekoa.

Kirolak identitateak trinkotzen ditu maila ezberdinetan. Eta halako kirol ekitaldi handiak naziogintzarako palanka izan daitezke. Euskal txirrindularitzak erakutsi duen maila bikainaz harago, ukaezina da, esaterako, Euskaltel Euskadi taldearen desagerpena galera handia izan zela zentzu horretan. Euskal txirrindularientzat maila goreneko lasterketetan parte hartzeko egitura profesionala izateaz gain, munduko lasterketa onenetan herri gisa proiektatzen gintuen marka zen taldea.

Futboleko mundu txapelketa ere pasa berria da eta ikusi dugu berriz ere estatuek nola baliatzen dituzten halako ekitaldiak euren identitateak trinkotzeko kirolaren bidez. Estatu proiektu batek funtzionatzeko ezinbestekoa baitu berarekiko atxikimendu subjektibo hori, bere burua legitimatzeko.

Testuinguru horretan tabernako elkarrizketa askotan komentatu du jendeak espainiar selekzioaren aldeko gero eta kamiseta gehiago ikusten direla Euskal Herriko kaleetan ere. Gero eta normalizatuago dagoela. Horretan zerikusi handia izango du noski azken hamarkadan selekzio horrek izan duen kirol arrakastak. Errazagoa da proiektu irabazle batekin bat egitea. Ipar Euskal Herrian ere orain Frantziako selekzioaren garaipenaren ondoren abertzaleentzat ez dira garai ederrak izango zentzu horretan. Eta zerikusia izango du seguruenik baita ere borroka armatuaren desagerpenak eta horrek ekarri duen tentsio barealdiak.

Baina horiek soilik ez dira nahikoa arrazoi. Euskal selekzioaren aldeko aldarriak atzerakada nabarmena izan du azken urteetan, ibilbide oso bat agortu ondoren. Euskal naziotasun sentimendua indartu nahi badugu, aldarri hori indartzeko estrategiak pentsatzeko garaia da.