Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

«Mare periculosum»

Mediterraneoa ez da izan munduko lekurik baketsuena garai historikoetan (eta ziurrenik, ezta historiaurrekoetan ere). Baina badaude alde galantak haren aroetan: erkatu besterik ez dago Actium baino lehenagoko mendeak eta ondorengoak. Hegemoniaren (edo haren gabeziaren eta nahiaren) kontua dela esango dit baten batek, eta ez zaio arrazoirik faltako.

Agian horrexegatik, Gerra Hotzaren aroan, eskualde baketsu samarra izan zen Mediterraneoa... konparazioz. Egia da haren ekialdean etenik gabeko gatazka-lekua izan zela Palestina 1948az geroztik; baina gainerakoetan, bi superpotentzien esku hotzek, kostata bederen, han-hemenka ilaran sutzen ziren krisiak amatatu egiten zituzten: Aljeriako deskolonizazioa, Ziprekoa, Suezeko krisia, Turkiako kolpeak, Greziakoa, Italiako tentsioaren estrategia...

1989az geroztik, ordea, historiaren «berotasuna» itzuli da Mediterraneora, Fukuyamaren lotsaizunerako. Gatazkak, itzali ordez, hedatzen, elkarlotzen eta katramilatzen joan dira. Agian, hegemoniak inoiz baino lausotuago daudelako, eta arazoak inoiz baino goriago... Balkanetako gerra-zikloa izan zen horren adibide argiena.

Baina azken hamarkadan, oso joera gaiztoa hartzen hasi da ingurunea. (Berr)agertzen hasi dira hauspoari eragiten diotenak. Hau da, bertakoak izan gabe, Mediterraneoan interesak eta esku hartzeko ahalmena (eta lotsa gabezia) dutenak. Libiako kasua da gardenena. Baina Siriako gerrari buruz ere irakurketa bertsua egin daiteke.

Azken bi urratsek, hala ere, argi gorria pitzarazi behar lukete. Bat oso agerikoa izaten ari da: Turkia ezegonkortzeko Ameriketako Estatu Batuetatik abiarazi den estrategia; eztabaida liteke zer den lehenagokoa, arrautza (Erdoganen autokrazia eta aliantza-aldaketa) ala oiloa (kemalismoaren akabera eta Ameriketako Estatu Batuen asaldura); baina maldan behera doa krisia. Bestea, Errusia eta Greziaren arteko liskarra, askoz isilagoa da. Tsiprasek Mazedoniarekin hitzartu duen akordioa da azaleko zergatia, baina eskualdeko geopolitika osoa dabil azpian, jakina. Eta ekonomia. Eta ekonomiari, egungo Mediterraneoan, turismoa esaten zaio.