AUG. 28 2018 Urte eta erdiko epean gaztetxea izateko akordioa Hendaian Hendaiarrek gaztetxe berria izango dute. Sasiko gaztetxea husteko epea gaindituta, suhiltzaileen eraikin zaharra okupatu zuten larunbatean gazteek. Kotte Ecenarro auzapeza gazteekin hitz egitera gerturatu, eta akordio bat hitzartu zuten. Udalak 18 hilabeteren buruan lokal berri bat eskaintzeko konpromisoa hartu du eta bitartean beste lokal bat erabili ahal izango dute. Okupazioa bertan behera utzi ostean, herriko etxearekin harremanak abian dira. Haritz LARRAÑAGA Urruña Sasiko gaztetxea husteko idazkari judizialak maiatzean eman zuen hiru hilabeteko epea joan den larunbatean amaitzen zen, eta ondorioz Hendaitz Gazte Asanbladako kideek Hendaia kanpoaldean dagoen eraikina utzi eta erdigunera jo zuten. Arratsalde hasieran, suhiltzaileen kaserna zena okupatu eta Kotte Ezenarro auzapeza deitu zuten ekimenaren berri emateko. Arratsaldean agertu zen Ecenarro zenbait poliziak lagunduta. Gazteek hartutako lokala udaltzainek erabiltzen dute ibilgailuak gordetzeko; hortaz, autoak aparkatzeko lekua ez oztopatzeko eskatu zuen udal ordezkariak. Orduan tirabira labur bat izan zen. «Ez mugitzea erabaki genuen, zer egin erabaki ez genuelako; tentsio momentuak bizi izan genituen, fisikoki tokia egiteko bultzatu gintuztelako», adierazi zuen Oneka Jauregi gaztetxeko ordezkariak. Beste hautetsi bat etorri zenean hasi zen giroa baretzen eta pixkanaka gazteen eta auzapezaren arteko elkarrizketa forma hartzen hasi zen. Ecenarrok okupazioa bertan behera utziz gero gaztetxe berri bat lortzeko konpromisoa hartzeko prest zegoela jakinarazi zuen. Hortik abiatuta zirriborro bat idazten hasi eta akordio bat sinatzen amaitu zuten bi aldeek. Elkarrizketak abian Auzapezak 18 hilabeteko epean gaztetxe berri bat lortzeko engaiamendua hartu zuen eta bitartean arazoari aldi baterako irtenbidea bilatzeko proposamen bat egin zuen. «Datorren astean udaletxean bilkura bat egitea proposatzen dizuet soluzio trantsitorio bat estudiatzeko», idatzi zuen auzapezak bi aldeek sinatu zuten paper batean. Gauzak horrela, 2016ko ekainaren 16an itsas erietxea okupatu eta Sasiko gaztetxea biziarazi zutenean abiatutako bideak eten labur bat izan du, baina aurrera begira «gaztetxe baten beharrei erantzungo dien» lokal berri bat izateko lanean jarraitzen dute Hendaitz Gazte Asanbladako kideek. «18 hilabeteko epea luzea da eta ez dakigu nora iritsiko garen, baina Hendaiako Udalarekin inoiz izan dugun engaiamendu maila handiena da», nabarmendu zuen Oneka Jauregi Gazte Asanbladako kideak.