Emaitza apartak Matterhorn-eko proban
Munduko Skyrunner zirkuituan Euskal Selekzioa maila bikainean aritu da beste behin, eta Suitzako Matterhorn Ultraks lasterketan parte hartu zuten bost kideek lehen 11 postuen barruan amaitu zuten. 49 kilometro luze eta 3.600 metroko goranzko desnibela duen lasterketa da, Zermatten hasi eta amaitzen dena, Matterhorn edo Cervinoren bueltan, eta Gornergrat du puntu garaiena, 3.100 metroan.
Emakumezkoen proban, Mayi Mujikak, Nahia Quincocesek eta Aitziber Ibarbiak 3., 5. eta 7. amaitu zuten ondoz ondo. Mujikak Espainiako Kopa hirugarren postuan amaitu ostean lanaldiko oporretan Alpeetara jo zuen, eta lasterketa bikaina osatu zuen. «Ezusteko handia izan da lehen postuen lehian ibiltzea. Lasai hasi naiz, indarrak neurtuz, eta lasterketak aurrera egin ahala ondo nengoela ikusita dena eman dut. Asko gozatu dut, batik bat Gornergrat gailurrean», esan zuen Elgoibarren bizi den legazpiarrak.
Nahia Quincoces mendexarrak Munduko Kopan lortu duen emaitzarik onena du 5. postua. Eta lesioei neurria hartuta bere onenera itzultzen ari dena Ibarbia da, 7. amaituta, eta Comapedrosan lortutako 11.a hobetuz.
Gizonezkoetan, Ander Iñarrak 4. postua sinatu zuen, Munduko Kopan orain arte lortu duen emaitzarik onena, Livignoko 6.a, hobetuz. «Orain arte egindako lasterketarik luzeena izan da. Indarrak ondo neurtuz asko disfrutatu dut lasterketaz, parajeaz...». Sailkapen nagusian 5. jarri da lezoarra. Asier Alonsok, azkenik, 11. amaitu zuen, denboraldiko emaitzarik onena hori ere.