Xole Aramendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Animaliak eta tristurak

Europako gorila ar zaharrena zen. Horrela entzunda ez digu arretarik emango gertaerak. Baina ia bizitza osoa giltzapean, zoo batean eman duela jakiteak gauza aldatu egiten du. Niretzat bai, behintzat.

“Fritz” zuen izena eta Municheko Hellabrunn zoologikoan hil da 55 urte zituela. Urtebete zeraman gaixorik. 1963an jaioa, Kamerundik 1970ean ekarri zuten Europara, Nurenbergera. Hala, 48 urte pasa ditu etxetik, baso berdetik kanpo.

Eta hara-hona ibili dute. Munich, Berlin eta Txekiar Errepublikako Dvur Kralove zoologikoak ere ezagutu ditu.

Aspaldi erabaki nuen zoologikorik ez zapaltzea. Hain irudi gogorrak ikusi nituen behin –ez dut gogoan non, baina gorila haren begi tristeak gaur balitz bezala ikus ditzaket– zin egin niola neure buruari animaliak egoera hartan ez nituela berriz ikusiko.

Urte luzeak ziren baita ere zirkura joaten ez nintzela. Propio. Haurra nintzenetik tristatu izan naute, ez nago seguru zergatik. Nik uste animaliengatik dela.

Salbuespen bakarra Cirque du Soleil izan da, abererik gabea. Ikusgarria!

Eta orain aste gutxi egin nuen beste salbuespena. Gure Zirkura joan nintzen iloba hartuta. Hau ere animaliarik gabea.

Aurpegi ezagunak ikusi nituen, denak haurren bat eskutik hartuta. Gure kasuan, irteeran, bazirudien nik haurrak adina ala gehiago gozatu nuela eta nago beste etxe askotan ere gauza bera gertatu dela.

Bikaina iruditu zait Iker Galartzaren proiektua, txalotzekoa lantaldearen jarduna, eta poztekoa ikusleek eman dioten erantzuna. Horrela bai, zirkura joan daiteke bat.