Alfontso DIEZ

«Sagarraren bihotza, sagardoaren kultura»

Dagoeneko 36 edizio bete dituen Sagardo Eguna izango da, seguruenik, edari horren eta sagarraren inguruan Usurbilen urtean zehar egiten den ekitaldirik entzutetsuena, baina ez bakarra. Sektoreak pisu garrantzitsua du herrian eta, lan eta jarduera horiek guztiak nolabait bateratu eta koordinatzeko, egitasmo berria aurkeztu zuten ostegunean sagardogileek, Udalak eta beste hainbat elkartek: “Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura” izeneko marka. «Urteko egitaraua bateratu eta gure herriko ondare den kultura hau ezagutzera emateko eta sendotzeko tresna izan nahi du. Ondo antolatuz gero, kanpora begira oihartzun eta indar berezia izan dezake. Eta horrek onura ekarriko die sektoreari eta herriari berari. «Iraganean zer izan garen ezagututa, etorkizunera begira eginiko apustua da», adierazi zuen Xabier Arregi alkateak. Sagardoaren Unibertsitatea elkartearen izenean, Jakoba Errekondok nabarmendu zuen «sagardoaren kulturari eutsi» beharra, are gehiago kontuan hartuta «Usurbilek horretarako ikaragarrizko aukerak» dituela.