GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Kalean gertatzen dena


Primeran gogoratzen naiz duela 25 urte, berdintasunari dagokionez, zeri ematen nion garrantzia eta zeri ez, nola begiratzen nien besteei eragiten zieten kontuei. Gogoan dut zer iritzi nuen urruneko auzietan, alegia, besteen pribatutasunean, muturra sartzeari buruz, kolektiboak izan arren, ez besteren etxe barrukoak. Esan dezagun feminista neure etxean nintzela, eta neure bizitzan hertsiki. Hortxe, ezin garbiago nuen noiz ari nintzen diskriminazioa pairatzen, zer borrokatu behar nuen, eta, batik bat, etsaiak zein ziren. Neure etsaiak, betiere.

Orduan, alardeen berri izan nuen, lagun hondarribiar baten ahotik. Mutiko hark kontatzen ziguna, bere herrian festa zahar-zahar horretan erabat parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen zuten emakumeekin zer gertatzen ari zen eta, zalantzarik egin gabe bera haien alde eta aldamenean zegoelako, kuadrillakoek zer jasanarazten zioten, surrealismo hutsa zen niretzat orduan. Ezin nuen ulertu gure belaunaldian halako matxismoak eta biolentziak bizirik eta sendo jarraitzea. Ulergaitza zitzaidan herri euskaldun oso bat bat-batean gerrarako altxatuta egotea, zer eta bertako andreek desfile batean parte hartu nahi zutelako, herrian parte-hartze aktiboa eta alaia, gizonezkoen era berean, besterik gabe, izan nahi zutelako. Uste zutelako ikusle edota apaingarri huts izateko garaiak aspaldi joanak zirela, 90eko hamarkadako Euskal Herrian.

Duela 25 urte, «Nik sinesten dizut» eta «Ez zaude(te) bakarrik» elkartasunezko olatuen modukoak –zorionez, ozenak egun, mundua eraldatzeko beharrezkoa dugun ahizpatasun globalaren hari hautsezinak– gertukoei baino ez genizkien eskaintzen. Alardeek erakutsi zidaten urruneko emakumeen diskriminazioa, haien kontrako erasoak, nire aurkakoak ere bazirela, eta Euskal Herri osoko emakumeen eta hurrengo belaunaldietako neskatilen aurkakoak. Alardeak parekideak eta bidezkoak bilakatzeko borrokan ari diren guztiek ikusarazi zidaten, argi eta betiko, kalean gertatzen direnak ez direla beti besteen arazoak, publikoak eta, ondorioz, politikoak baizik.

25 urte geroago, zabalduago eta irmoago dugu jomuga hori, baina ez behar beste. Hein handi batean horren erantzukizuna nori eskatu badakigu, norbanako soilez harago: festak ulertzeko hainbat modu daudela eta herri jakin bateko herritarren arteko gatazka besterik ez dela adierazten duten erakunde/agintariei. Emakumeon eskubideak edonon bermatzeko ezertxo ere egiten ez dutenei, urtetik urtera.