GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
JOSEBA INTXAUSTI
HISTORIALARIA

«Herritarren borondateak eta errealitate sozialak bultzatu zuten batasuna»

«Jakin» aldizkariaren zuzendari gisa parte hartu zuen Baionako Biltzarrean Joseba Intxaustik (Segura, 1936). Bera 50eko hamarkadaren erdialdean murgildu zen euskara batuaren aldeko ahaleginean. Ordura arteko elizgizonei euskaltzale laikoak gehitu zitzaizkien garaien lekuko izan zen.


Jo dezagun atzera mende erdia.

Batasunaren gogo orokorra agertzen da, geroz eta indartsuagoa. Batetik, bilduago asmo orokorrean, eta bestetik, zatikatuago egiten ziren proposamenetan. Bilerak han-hemen izanez, eta eztabaidak edukiz, eginez eginez joan zen bere heldutasuna Euskaltzaindiaren gerizpea izan zuen arte. Garai hura guztiz garrantzizkoa eta emankorragoa izan zen 1968. urtera iritsi zen arte. Euskal Herrian gauza berriak sortu ziren: komunikabideak indartu ziren, liburuen argitalgintzak gora egin zuen, eta beraz, premia berriak zituen hizkuntzak. Oro har, euskal hiztungoak pauso batzuk eman beharra zuen. Argi zegoen irakaskuntzarako eta irratietarako premiazkoa zela batasuna indartzea. Batetik, jendearen borondatearen eraginez dator eta bestetik, errealitate soziala aldatzen ari zen eta horrek berak eskatzen zuen. Ikastolarako testuen beharrak batasunean egitea zekarren; ezin ziren hamar testu egin! Halabeharrez sortu zen batasunaren eskea eta aldarria.

1964ko Baionako Biltzarrean parte hartu zenuen «Jakin» aldizkariko ordezkari bezala, nahiz aurreko hilabeteetan egin ziren bileretan ez egon.

Monzonek eta Txillardegik antolatutako bilerara joan nintzen. Ni mandataria nintzen. “Jakin”-ek, urteroko bileren bitartez, egina zuen sare soziala. Seminarioetatik zetozen gazteak ziren, gerra pertsonalki ezagutu gabeak, eta premia bertsuak zituztenak euskararen kulturgintza egin ahal izateko. Horrek batasuna sortu zuen eta bilerek beren emaitzak eman zituzten, proposamenak egin ere bai. Haien berri Baionan bildutakoei ematea zen nik jasotako mandatua. Ni ez nintzen ezeren protagonista. Arantzazun egin genituen bileren ondoren batasunaren asmo batzuk diseinatuta zeuden. Eta ez hori bakarrik, Euskaltzaindia 1959tik aurrera ja bideratzen ari zen irizpideak jaso eta geureganatu egin genituen.

Loading player...

Erabakitzen zena erabakitzen zela, bat egitea izan zen zuri eman zizuten agindua, ezta?

Bai, garai hartan obedientzia izugarrizkoa zen gazteon artean, nonbait [irribarrea]. Gure proposamena eramango genuen, han bildutakoekin eztabaidatuko genuen, eta aldez aurretik ontzat emanda geneukan han hartutako erabakia, batasuna behar genuelako. Eta kito.

Zenbat euskaltzale bildu zineten Enbataren lokalean?

30 lagun bilduko ginen. Egun hartan ez zen tentsiorik izan. Batasunaren formula teknikoak gehiago landu zirenean, 64tik 68ra, agertu ziren.

Txillardegi aurretik ezagutzen zenuen?

Txillardegirekin harremana nuen, erbestera joan aurretik ezagutu nuen. Bere proiektuekin eta batasunerako nahiarekin bat etorri nintzen, bat etorri nintzen bezala pixka bat geroago beste formula batekin, Xabier Kintanak eta Gabriel Arestik Bilbo aldetik proposatzen zutena.

Zein zen Bizkaitik zetorren proposamen hura?

Arestik eta Kintanak batez ere euskararen historia idatziari begiratzen zioten. Oso interesatuak zeuden Etxepare eta Leizarragaren esperientzia literarioarekin. Guk, berriz, urrun genituen, hurbilago genuen Axular.

Arantzazun ez zinen izan.

Ez, 1968an ez nengoen Euskal Herrian, eta Arantzazuko bileran ez nintzen izan. Lau urte lehenago, Baionako Biltzarraren ostean, Bartzelonara joana nintzen ikasketak burutzera. 1968an euskalgintzako kide berriak, laikoak, herritarrak, bazetozen. Xabier Arestiren eta Xabier Kintanaren ingurukoak batzuk, Bilbo ingurukoak, eta baita Ibon Sarasola eta abar. Horri esker bigarren fase batean sartu zen batasunaren kontua 60ko hamarkadan.

Lehenengo fasea noiz hasi zen?

Gerra ondoko lehenengo bilera publikoa 1956an egin zuen Arantzazun Euskaltzaindiak. Horren arrimuan, gerra ondoko umeek hartu zuten beren esku hizkuntzaren kulturgintza fase berria.

Garbi neukan nahitaezkoa zela Iparraldeko, Hegoaldeko eta erbestera joandako jendearen harremanak mantentzea. Eta horretarako balio izan zigun 60ko hamarkadatik 2006ra arte Donapaleuko frantziskotarren komentuak. Erdozaintzi zen han gidari nagusi eta lortu zuten komentua euskalgintzaren gune bizia izatea.

Nola oroitzen dituzu «Jakin»-eko zuzendaritza garaiak?

“Jakin” 1956an jaio zen. Ni 1958an hasi nintzen zuzendaritzan Kepa Enbeitarekin batera. Oso urte gutxi igaroak ziren, baina “Jakin”-en barruan bigarren belaunaldiko kide bezala sentitu ginen. Ikusi genuen lehenengo belaunaldi hark gehiegi begiratzen ziola gerrari. Orixe oso maitatua zen, lehenengo maisua, eta guk hori zalantzan jarri genuen. Berekin harremana bagenuen, nahiz iritzietan ez gentozen bat. Zortea izan genuen zeren Euskaltzaindiak 1959an argitara eman zuen agiria euskarazko hitzak, hiztegia bera, zeintzuk ziren argituz. Kontu egin behar duzu garbizalekeria gerra aurretik zetorrela, Sabino Aranak-eta diseinatu zuten proiekturen barruan. ‘Euskaldunok jatortasun osoz erabilitako terminologia eta hiztegia euskararenak dira eta ez zaizkio euskarari ukatu behar’, adierazi zuen Euskaltzaindiak.

Nork hartu zuen zure lekukoa «Jakin»-en, kanpoan zinen bitartean?

1964tik 1970era Bartzelonan izan nintzen eta Joanmarik [Torrealdai] eta eraman zuten “Jakin”, harik eta aldizkariaren bizitza normala eten zen arte. Izan ere, aldizkaria debekatu egin zuten 1968-69an. Gero, itzultzean, tokatu zitzaidan “Jakin”-en zuzendaritza berriro hartzea. Zer egin? Legea errespetatuz formula bat aurkitu ala baimena lortzen saiatu. Baina baimena eskuratzeko saiakerek ez zuten fruiturik eman. Hortaz, lankidetzan egindako liburua osatzea erabaki genuen. Intereseko gai bat hartu eta bati eta besteari haren inguruko lanak eskatzen hasi ginen. Horrek balio izan zigun –eta oso garrantzitsua izan zen gerorako– orduan frantziskotarrak ginen denok elkarrekin lanean hasi eta fraide munduan “Jakin”-en inguruko taldeari nortasuna emateko. Elkarrekin bizi izan ginen idazle etxean. Gero batzuek frantziskotar segituko dute, beste batzuek ez, baina denak ere euskalgintzan arituko dira, eta elkarrekin. Fenomeno bitxia da.

Euskara batuaren alde jarri zen aldizkari bakarra izan zen «Jakin» eta garai zailak bizi izan zituen. Izan zen kiderik baja eman zuena, mehatxuak ere izan ziren tartean...

Euskara batua eliz jendearen artean sortu zen, baina ez haien artean bakarrik. Oso beharrezkoa izan zen eliz mundutik kanpokoen ahalegina, ikastolena edo kazetaritzarena. Hauek ez dira Elizarenak, nahiz askotan Elizaren babes juridikoa behar izan zuten lanean jarraitu ahal izateko. “Jakin” ez zen izan, inondik inora, batasunaren aldeko indar bakarra, baina batasunaren kontua bazetorren eta horren inguruko eztabaidak bete-betean harrapatu gintuen.

Frantziskotarra izan zinen, nahiz gero ordena utzi. Nola bizi izan zenuen Elizaren jarrera euskararen aurrean?

Oso kritikoa naiz Eliza Erromatarrak egin duen hizkuntz politikaz. Baina esan behar dut gainerako guztien aurretik egon zela Eliza doktrinak argitara ematen eta abar... Halere, ez aski. Gustatuko litzaidake ekialdeko eliza kristauek egin zuten politika hemen Erromako Elizak aurrera eramatea. Baina horrelakorik ez zen egon. Dena den, esan behar dut Elizak baduela 1882tik aurrera tradizioa espresuki onartua zegoena Sinodo batean. Tradizio hori ez da euskara batuarena, Elizarena da. Batasuna iristean, topo egingo du egon badagoen tradizio labur baina jator batekin. Elizak, Gasteizko Elizbarrutian, badu euskararen tradizioa, bere bidetik joan dena duintasun handiz. Lekuonak eta gainerakoek hobetu egingo dute XX. mendean. Baina tradizioa estuegia da, ireki egin behar da mundu terminologiko berrietara, gai oso ezberdinetara, eta horretarako hizkuntzaren barruko corpusaren aldakuntzaren arazoa ere serioa da. Eta Elizaren barruan euskaltzaleak direnek estropezu egiten dute proposamen berrien aurrean. 60ko gure borroka eta 70etik 80rako gure borroka izan da egon bazegoen tradizio mugatuaren eta sortu behar zen tradizio berriaren artekoa.

Belaunaldien arteko talka zegoen atzean.

Garbiki, hala da. Gerraurrean euskarak bere tradizioa du. Gerraondoan jaiotako edo bere kultur esperientzia gerra ondoren egindako belaunaldi berriak beste bide batzuk nahi ditu, batuzalea da. Ez da sabindarra, garbizalekeria alboratu nahi du eta gai berriak landu nahi ditu, akademikoak. Ez da bakarrik hizkuntza herritarra egitea, eredu berriaren bitartez mundu berria sortzea. Seminario guztietan badaude euskaltzaleak, alfabetatuak. Baina kontuz, fraide-mojen seminarioak daude batetik eta elizbarrutien seminarioak bestetik. Azken hauek askoz itxiagoak dira eta kontrolatuagoak ditu frankismoak eta askoz zailagoa da euskal mintegiak sortzea, Gasteizen, eta gero Donostian eta Bilbon.

Gerraondoko belaunaldia batuzalea da, eta garrantzitsua da bere eragina. Baina horrek ez du esan nahi Elizako indarrek erresistentziarik izan ez zutenik. 1882ko Sinodoan arauak eman zituen Elizan euskara erabili ala ez ikusteko. Horrek bere bidea egin zuen eta euskara batuaren benetako azken proiektuak etorri zirenean, aldekoa baino kontrakoa izan zen hori. Zergatik? Aurretik tradizio bat zutelako, eta horri uko egin eta beste batera pasa behar zutelako. Eta momentu horretan Elizako kide gazteek beren pausoak eman zituzten aurrera eta aurreko belaunaldiak ez zuen asmatu bide horretan sartzen.

Euskara batua artifiziala dela diotenen ahotsa entzuten da gazteen artean. 50 urte atzera goaz...

Hizkuntza guztiak dira naturalak eta artifizialak. Belaunaldi bakoitzak egiten du bere hizkuntza artifiziala. Eta horrek irauten baldin badu eta jendearen ahotara iristen bada, azkenean naturala da.

Hizkuntzak beti aldatuz doaz, batzuetan hobera eta besteetan txarrera. Ez aldatzea da hizkuntza baten kalamitaterik handiena.

Euskarak zer erronka du?

Euskal mintzatzaileen askatasuna, justizia eta zor zaien indarra. Eta indar hori bideratzeko, antolatzeko eta gizarteratzeko behar diren erabaki politiko guztien ezarpena. Ez inoren kontra, baina bai gure alde, Historian geu tontoak izan garelako. Geure buruari egin dizkiogun kalteei gehi kanpotik egindakoei erantzungo dien politika berri bat eta gizarte berritua.

Geure buruari egindako kaltea diozu. Zertaz ari zara?

Gure agintari klaseak ez du gure hizkuntza serio hartu. Hartu duen bakarra Eliza izan da-eta! Zatika, eta denbora baterako, eta zeregin mugatu batzuetarako bakarrik egin dute. Agintaritza horrek ez du behar bezala kontuan hartu. Eta gero kanpotik etorri dira erasoak, larriagoak, noski, eta mintzatzaile ahulari zuzen-zuzenean eraso diotenak. Fernando III.ak 1239an Errioxako euskaldunei beren prozedura judizialetan euskaraz egiteko eskubidea aitortu zien. Non zegoen horren ondoren hemen bertako gure agintari aberats klase indartsua? Ez zuen erantzun. Oso zaila da herri baten askapena pobreekin bakarrik lortzea. Pobreak normalean galtzaileak dira. Orduan herrietan ahotsa egon balitz erregeari esango ziona ‘euskaraz nahi ditugu zure dokumentuak herritarrek hobe uler dezaten’...

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Miraria daukagu. Penintsulako gainerako hizkuntzak III. eta IV. mendean desagertu egin ziren. Non geratu dira hizkuntza haiek? Historiatik dakarkigun karga gainetik kenduko dugula eta hizkuntzaren etorkizuna segurtatuta dagoela pentsatzea... ez dut ikusten hala denik, nahiz balorazio positibo guztia duen egindako lanak. Eta harrituta nago eta gozatuz nabil zenbat ekimen dauden herrian gauzak hobera egiteko. Nahiko da? Ez dut uste.