Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Pio Baroja eta euskaltzaletasuna, Iturralde eta Atxagaren galbahetik

Aspaldiko bi lagun, Joxemari Iturralde eta Bernardo Atxaga, batu ditu «Baroja & Yo» proiektuak. Ipso argitaletxe nafarraren proposamenez, Pio Barojaren obra eta izatea arakatu nahi dituen bildumarako liburukia osatu dute bien artean. Atxagaren testuak irekitzen du «Órdago - Hor dago» izendatu duten liburukia, eta Iturraldek Barojak euskararekin izan zuen harremana aztertzeaz gainera lagun izan zituen zenbaiten kontakizunak ere biltzen ditu.

Aspaldian omen zuen asmoa Joaquin Ciaurrizek, Ipso argitaletxe nafarreko editoreak, Pio Barojaren izatearen eta obraren gaineko argazki orokorra emango zuen bilduma osatzeko. Bulkada horrek eraman zuen Baroja & Yo bilduma sortzera eta haren baitan ikusi du argia “Órdago - Hor dago”, idazle donostiarrak euskararekiko izan zituen jarreren azterketa egiten duen liburukia. Elkarlanean aritzera ohituak dauden bi euskal autore handiren sinadura darama euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu den liburuak: Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde.

Bien artean ondu dute, bakoitzak bere atal bereizian, Barojaren euskararekiko atxikimenduaz eta idazle donostiarrak herriko errealitateari gertuko begiradaz begiratzeko zuen gaitasunaz diharduen liburua, baina bestelako ekarpenak ere badakartzate: batetik, alderdi pertsonalera bildu eta Barojak eurengan izan duen harremana kontatu dute eta, bestetik, Iturraldek Baroja ezagutu zuten hainbat lagunen testigantzetatik abiatuta orain artean argitaragabeak ziren zenbait kontu batu ditu. Bere aldetik, “Barojaren begirada Gautier-ena baino hobea zen” esaldi zorrotza baliatu du Atxagak liburua irekitzen duen bere zatirako, eta Iturraldek, aldiz, hiru zatitan banatu du bere ekarpena, liburuari izena ematen dion “Hor dago”.

«Baroja jende askoren biografian dago», ziurtatu du Atxagak. Baita berean ere. «15-16 urte izango nituen ‘Zalacain el aventurero’ (1909) irakurri nuenean, eta gogoan dut nigan izan zuen eragina, nola joan ziren urteak eta abiapuntu horrekin gero zer pentsatu nituen, ze harreman eduki nuen figura horrekin». Beretzat bezala, garaiko beste hainbat gazte irakurlerentzat ere erreferentziazkoa izan zen Baroja. «Barojaren eragina ikaragarria da orduko irakurle gazteengan, eta horrek adierazten du ze gutxi, ze hutsa zen Euskal Herria guretzat; alegia, ez zuen guretzat Euskal Herriak errepresentaziorik. 16 urte, diktadura... Euskal Herria fantasma bat zen, eta fantasmek begiratzen dute beren burua ispiluan eta ez dute ikusten», ziurtatu du.

Kaktus bat desertuan

Barojaren idatzietatik edanda berak ezagutzen zuen errealitatearen errepresentazioa aurkitu zuen Atxagak. «Euskal Herriari buruz hitz egiten dizu, Euskal Herriko jendeari buruz, eta hori zen hain estimagarria, hain gauza benetan berezia... ze, guk ez genuen euskararen izena inon sentitzen. Ni irakurlea nintzen, bibliotekara joaten nintzen etengabe, baina galdetu izan balidate zein zen Lizardi, ideiarik ez. Eta Orixe? Ezta aditzerik ere. Ez zeuden errepresentazioak, ez zeuden liburuetan, egunkarietan, irratian. Desertua zen. Eta desertu horretan kaktus bat ikustea bezain zoragarria izan zen Zalacain irakurtzea».

Barojak bereizgarririk bazuen, inguratzen zuen errealitatearekiko begirada zela baieztatzen du Atxagak. «Inpresioa egiten zizun, zure hurbileko gauzez hitz egiten zizulako», azaldu du, eta Baroja erakargarria bada «egile rhypografoa» delako dela ziurtatu du: «Burgesiaren aurkakoa, jende xumeaz, tabernako kontuez, askok baxutzat daukaten mundu bati buruz hitz egiten duen idazlea da. Hori da rhypografoa, eta berak badu tradizio oso luze bat horretan».

Atal berezia

Pio Barojaren figurarako hurbilketa pertsonala egitea proposatu ziotenean, «zerbait gehiago» eman behar zuela iruditu zitzaion Joxemari Iturralderi. Haatik, hiru ataletan banatu du tolosarrak bere ekarpena: hurbilketa, euskararekikoak eta «bitxikeriak». «Nik zortea eduki dut hainbeste urtean lagun izatekoa Baroja oso gertutik ezagutu zuen jendea, nik ez bainuen, jakina, pertsonalki ezagutu. Nire lagun horiek, edadeko jendea, emandako gertu-gertuko informazioa neukan, non ikusten den zer-nolako pertsona izan zen Pio Baroja, eta hirugarren atalean saiatu naiz horiek sartzen», azaldu du.

Javier Bello Portu orkestra zuzendaria, Juan Garmendia Larrañaga etnologo-etnografoa eta Luis Olarra, Pio zein Julio Caro Barojaren lagun izan zena dira, besteak beste, Iturraldek bere idazkian aipatzen dituenetako batzuk. «Liburuan kontatzen dut Pio Baroja hil zenean, Madrilen, bere familiak pertsona bakarra utzi zuela gaubeila egiten bere ondoan. Bakarra. Horrek esan nahi du zer-nolako adiskidetasuna edo konfiantza zuten pertsona horrengan. Eta pertsona hori Luis Olarra izan zen. Hil zen, ia ehun urte zituela, eta oso pertsona bitxia izan zen, kuriosoa, idazle asko ezagutu zituena, baita Miguel Unamuno eta Antonio Machado ere», nabarmendu du.

Baroja vs Unamuno

Eta atzekoz aurrera, hirugarren zatian bitxikeria horiek bildu dituen bezala, bigarren atalean Barojaren literaturgintzan eta, bereziki, euskararekiko izan zuen, edo zituen, posizionamenduetan jarri du begia Iturraldek.

«Pio Baroja, eta baita Miguel Unamuno ere, oso pertsona berezi eta bitxiak ziren, kontraesan handikoak. Ez ziren, zorionez, pertsona planoak izan», ekarri du gogora idazle tolosarrak. Bere idatzian, Barojak politikarekin izan zuen harremana aztertu du baina, nagusiki, euskararekiko izan zituen hartu-emanetan hartu du oinarri. Alderaketa egiteko, Unamunorekin jarraitu du: «Hura euskararen alde hasi zen eta bukatu zuen kristoren gorrotoarekin euskararekiko. Pio Barojak ez. Unamunorekin kontraste horretan konparatuz, beti eduki zuen tonu baxuagoa euskararekiko eta, hau da inportantea, beti izan zuen halako miresmen bat, goxotasun bat euskararekiko».

“Hor dago” atalaren bigarren zati horretan, Iturraldek defendatzen du Barojak «zerbait intimoa, gertukoa, kuttuna» esan nahi zuenean euskaraz ematen zuela, eta horretarako baliatu izan zituela esapide zein kantu herrikoiak: «Zerbait intimoa esan behar zuenean euskara erabiltzen saiatzen zen, adibide asko daude, esaldi zaharrak, abestiak, amodio kantuak... halako ukitu pertsonalak. Orduan, euskara eduki zuen beti gauza kuttun, intimo bezala».

“Hor dago”-ren lehen zatia, gainerako idazleek bezala, berak Barojarekin izan duen esperientziaren gainekoa da. Baroja irakurtzen «oso gazterik» hasi bazen ere egun –«eta baditut 67 urte»– Baroja irakurtzen jarraitzen duela nabarmendu du. «Gertu-gertukoa baitut, beti lagundu izan nau. Soldaduskan adibidez, frankismoko garai gogorretan, egunero irakurtzen nuen. Badaude autoreak ahaztu egingo dituzunak, baina gutxi batzuk gertu-gertutik egongo dira zure ondoan. Eta gu biok oraintxe Pio Barojari buruz hitz egiten egoteak zerbait esan nahi du. Bere nobelak etengabe editatzeak, zerbait esan nahi du».

 

25 liburuki batuko ditu Baroja & Yo bildumak

Ibilbidearen erdia du egina Ipso Ediciones argitaletxearen Baroja & Yo bildumak. Asmoa, Estatu espainoleko autore ezberdinak Pio Barojaren figuraren zein obren ingurumarian gogoetatzen jartzea da eta, orotara, 25 liburukitan batuko dituzte idazle donostiarraren alor ezberdinei zukua atera eta haren irudi ahalik eta osatuena ematea helburu duten idatziak.

Bildumaren erdi-erdian, 12. alean, egokitu da Bernardo Atxagaren eta Joxemari Iturralderen “Órdago - Hor dago”, Barojak euskararekin izan zuen harremana aztertzea xede duen lana. Aurretik, idazle donostiarraren bestelako alorrak landu dituzte, besteak beste, Soledad Puertolasek (“Lúcida melancolía”), Luis Antonio de Villenak (“Un anarquista de derechas”), Eduardo Laportek (“Barojiano y todo lo contrario”) edota Justo Sernak (“El lector impenitente). Ipso argitaletxeak aurreratu duenez, hurrengo aleak Manuel Hidalgo, Andres Trapiello edota Eduardo Mendozaren eskutik etorriko dira.A.A.