GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Berri txarrak


Kazetari ofizioarentzat ez dira betiko garai onenak. AEBetatik datorren kazetariekiko mesfidantza olatua harrotzen ari da nonahi eta medioekiko susmoa areagotzen. Arazoak asko eta handiak dira, eta denetan handiena ez dira gezur diren fake news edo berri faltsuak; arazo larriagoa dago benetako berriekin, bata bestearen atzetik elkarrekin lotura ez duten gertakizunen gurpil-zoroarekin.

Oihartzuna bilatzen da, normala ez den salbuespena, eta berriak ezkorrak dira gehien- gehienetan. Badirudi berri ona ez dela berria eta ematen du mundu hau gero eta okerragoa, arriskutsuagoa dela. Sentsazio bat hedatzen da: jendearengan ezin dela sinistu, iruzurra egiten duela, ustelak direla, lapurrak; benetako egia jendearen gehiengo ia osoa ona dela eta besteekiko gauza onak egin nahi dituela denean. Unean-unean gertatu denak inporta du, definizioz, unean-uneko gertaerak eragin handiena dutenak ez izan arren. Bi begiz ikusten da gaurkoa, baina ez egunerokoa, eta epe luzeari begira itsu antzean gabiltza.

Mundua amaigabeko gertakizun izugarri eta sentsazionalisten segida bezala deskribatzen duten berriok, faltsuek baino modu zoli eta funtsezkoago batean engainatzen gaituzte: historiaren, garapenaren, garrantzitsua denaren inguruko ikuspegi ez-oso bat ematen digute. Ongizaterako terrorismoa azukrea baino mehatxu handiago dela edo terrorista gehienak musulmanak direla bezalako gezurrekin. Mendekotasuna sortzen dute eta osasun kolektiboarentzat arazo bat dira.

Berri txar hauen aurrean antidotoa zein den? Hobetoen egiten dakigun hori egitea: besteekin bat egitea.