SEP. 26 2018 Euskal tiralariak zazpi domina lortuta itzuli dira Lurmutur Hiritik Berriki Hegoafrikako Lurmutur Hirian jokatutako Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan zazpi domina eskuratu dituzte euskaldunek, hiru selekzio mailan eta beste lau kluben arteko lehian. Hala ere, argi ikusi dute euskal gazteak motibatzeko lan handia dutela aurretik. Last update: SEP. 26 2018 - 06:24h Imanol CARRILLO Hegoafrikako Lurmutur Hiria toki ikusgarria da, leku elegantea, bista panoramiko itzelak eskaintzen dituena. Kosta-kostan dagoen hiria da eta sekulako hondartzak dituena. Bertatik Euskal Herrira egin beharreko bidaia ez da ez laburra. Pentsa, 12.000 kilometroko distantzia dago afrikar kontinenteko hiritik gure lurralderaino. Horrenbestez, hegazkinez 16 orduko bidaia egin beharra dago bertara heltzeko. Bada, bidaia hori eginda bueltatu dira Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan parte hartu duten ehun eta piko tiralari euskaldunak, euren taldeekin eta Euskal Selekzioarekin lehiatu eta gero. Ziur aski etxerako buelta atseginagoa egingo zitzaien guztira zazpi domina lortuta: hiru Euskal Herriarekin lehiatuz eta beste lau klubekin. Goiherrik eta Gaztedik lortu zituzten lehenengo bi dominak, biak gizonezkoen 560 kiloko proban. Erandioko taldeak zilarrezkoa irabazi zuen, eta, Laukizkoak, brontzezkoa. Hurrengo egunean, Gaztediko emakumeek zilarra eskuratu zuten 540 kiloko lehian, eta, Goiherriko gizonezkoek, brontzea 640 kilokoan. Eta selekzio mailan, Euskal Herriak beste hiru domina ekarri ditu etxera: brontzea emakumezkoen 500 kiloko proban eta beste bi zilar gizonezkoetan, bat 720 kiloko mailan eta bestea 560 kilokoan. Emaitzok ikusita, normala da euskal tiralariak «pozik» bueltatu izana. Hala adierazten du, behin etxera itzulita, Jose Antonio Goirigolzarri Litri Gaztedi taldeko tiralari beteranoak. Hala ere, «beti gelditzen zaizu arantzatxo hori; beti zeozer gehiago nahi duzu. Nahiko ondo ibili gara. Hori bai, talde mistoan esperantza gehiago genituen. Lehenengo eguna ez zen ona izan, baina apurka-apurka gorantz egin genuen», azaldu du. «Euskal Herritik hiru talde joan eta zazpi domina lortu ditugu. Balantzea ona da. Norbaitek komentatu zuen: ‘Joe, ba Txinak hamasei domina lortu ditu!’. Noski, hamasei domina, baina hamar talde izan ditu Munduko Txapelketan. Beraz, oso ezberdina da. Argi dago urrezko domina batek dena tapatuko lukeela, baina halaxe izan da», gaineratu du Euskal Selekzioko kide beteranoenak. Ipar Irlandaren absentzia albo batera utzita, Lurmutur Hirian inoiz faltatzen ez diren herriak aritu dira: Alemania –«euren maila kristorena da», azpimarratu du Litrik–, Suitza, Herbehereak, Ingalaterra, Txina Taipei, Eskozia edota afrikarrak –«ezberdinak dira, beste zerbait ematen dute»–. «Eta gu ere hor ibili gara lehian; beti punta-puntan aritzen gara lehiaketetan», goraipatu nahi izan du tiralari euskaldunak. Izan ere, «herrialde guztietan diru arazoak izaten dira, eta ez da erraza hiru talderen artean ehun eta piko pertsona biltzea», azpimarratu du. «Aukerak eta motibazioa» gazteentzat Baina dena ez da positiboa izan. Litri –bere aitarengatik ipini zioten ezizen hori– esperientzia handiko tiralaria da. 1976an hasi zen tiratzen Laukizko Gaztedi taldean eta, nahiz eta denboraldi batzuetan taldetik kanpo izan den, hortxe jarraitzen du belaunaldi berriekin sendo lanean. «Zenbat txapelketetan aritu naizen ez naiz gogoratzen, baina pila batean izan naizela bai!», dio barrez laukiztarrak. Horretxegatik denetatik ikusi du urte hauetan guztietan. Lurmutur Hiriko Munduko Txapelketaren inguruan, adibidez, «antolakuntza aldetik akatsak izan dira», aipatu du kirolariak, «baina ondo egon da», gaineratu du segidan. Hegoafrikako puntan dagoen hirian ikusitakoak harritu eta, aldi berean, poztu egin du: «Juniorretan edo 23 urtez azpiko taldeetan 10-15 urteko umetxoak ikusten ziren oinutsik tiratzen, eta ondo gainera!». Bertan ikusitako «tradizioa, kultura eta esfortzua» goraipatu ditu Jose Antonio Goirigolzarrik. «Jende gaztetxoa tiratzen ikustea, hori lortu behar dugu hemen ere sokatira aurrera eramateko. Hori ez badugu lortzen, ez dago etorkizun handirik», adierazi du. Izan ere, kezkatuta dago hurrengo belaunaldiko tiralariekin. «Ez dakit zer esan», erantzun du gazteengatik galdetzerakoan. «Aukerak eta motibazioa eman behar dira tiratzeko, baina den-denon artean. Hori da gure helburua, baita Federazioarena ere», dio. «Niri sokatirak dena eman dit, poza. Nire garaia bukatzear dago. Nire asmoa da sokatira aurrera ateratzea, Euskal Herria ordezkatuz dominak ateratzea. Nire atzetik datozenei aukerak ematea, ez dakit nola baina. Hemen, hiruzpalau talde bakarrik gaude lur gaineko sokatiran, eta hori ez da ezer. Adibidez, Hegoafrikak hogei talde inguru ditu. Hori ikusita, esaten duzu: ‘ni non nago?’», errepikatu du kezkatuta. Horregatik, «etorkizunera begirako erronka, egia esan, ez dakit zein izango den. Esfortzu pila bat behar da gauzak aurrera ateratzeko. Taldean lan egin eta taldeak aurrera atera, hori da nire lana», amaitu du tiralari beteranoak.