GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

«Ikertuak» gizarteratzea


Orain dela pare bat aste, Gobernu espainolaren EAEko ordezkari Jesus Lozak esan zuen euskal presoak «gizarteratzea» Euskal Herrira ekartzea baino garrantzitsuagoa dela. Presoak gizarteratu...? Senideak esan nahiko zuen. Alegia, aste honetan Madrilen aldarrikatu duten «garaipen» eta haren araberako delako kontakizunarekin bat etorriz gero, milaka lagunek ez dute astero beren bizitza modu ezin miserableagoan baldintzatzen duten errepideetan barrena ibili beharko.

Estatu espainolak, demokrazia eredugarria bihurtu zenean, frankisten senideak zigortzea zentzugabea izango zen, ezta? Baina demokrazia xelebre hau, PPren zein PSOEren eskutik, alde batera okertuta sortu zen eta hala jarraitzen duen froga da faxistak berak ere ez zigortu, ez epaitu, ezta seinalatu izana ere, eta bai, ordea, maiz kondekoratu izana. Gizarteratuta al zeuden?

Estatu hau ez da, ez, oso ikertu zalea. Izan ere, ikerketa esaten dion hori tortura izan da sarritan, sarriegi, eta torturatzailea babestu izan du ikertu gabe, hain zuzen. Asteartean Jon Iñarritu senatariak Grande-Marlaska ministroari kargu hartu zion Europako zigorrak direla eta. Marlaskak berehala esan zion Estatua ez dutela torturagatik zigortu, ez ikertzeagatik baizik. Torturagatik ez, baina Portu eta Sarasolaren kasuan tratu txarrengatik zigortu zutela ahaztu zitzaion, nonbait.

Ez da ikerketarik egon, torturatzaileen ohorerako eskubidea urratzea saihesteko, nonbait. Horregatik kenduko du Gasteizko Gobernuak biktimen legetik polizia indarkeria ikertzea, horregatik eten baitzuen behin-behinean atal hori Auzitegi Konstituzionalak.

Gizarteratzea...? Norena?