GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Aznavour


Askotan gertatzen zaigun bezala, oso-oso ezagunak izan arren, hiltzen direnean ohartzen gara zenbait pertsonaren existentziaz, batez ere, komunikabideetan haien heriotzek izaten duen oihartzunagatik. Joan den astelehenean, kantu-taldekook asteroko saioan ari ginela, norbaitek komentatu zuen Charles Aznavour abeslari frantsesa zendu zela.

Gutako batzuek jada ezagutzen genuen, baina beste batzuek nor zen galdetu zuten. “La Bohème” kanta murmurikatzen hasi nintzenean, abestia segituan ezagutu zuten. Belaunaldi kontua, pentsatu nuen. Bere 94 urteekin oraindik emanaldiekin jarduten zuen munduan zehar (Japoniatik etorri berria zen), baina «beste garaikoa» zen. Komentarioen artean, bere jatorri armeniarra aipatuta, azaldu nien bere gurasoak Parisera heldu zirela, inperio otomandarrak hango herritarren kontra gauzatutako genozidiotik ihesi.

Horregatik jaio zen Parisen, horregatik zen frantsesa, bere gurasoek administratiboki aberrigabe izaera zuten arren. Haatik, abeslariak beti aitortzen zuen harro bere jatorria, eta asko ahalegindu zen XX. mendeko lehen genozidiotzat hartua dena ahantzia izan ez zedin.

Bere karrera artistiko apartagatik eta frantses ezagunetakoa izateagatik, azkenean, Estatu omenaldia egin zioten ostiralean, Invalides-eko monumentu militarrean. «Azkenean» diot ze familiak, abeslariaren beraren borondatea aipatuz, ez zuen halakorik nahi eta zer-nolako ohorezko agurra eman eztabaida iturri izan baita. Zeremonia hori instituzionalegia izan dela eta herritarrei zuzenean omentzeko aukerarik ez emateagatik ere izan dira kritikak zenbait abeslari frantsesen aldetik, («herriarena zen abeslaria konfiskatu dio Estatuak herriari»).

Omenaldi ofizialean izan ziren azken hamarkadetan Errepublikako presidenteak izandakoak eta egungoa ere bai, jakina. Han ziren ere Armeniako presidentea eta lehen ministroa eta armenieraz goraipatu zuten bere herrikideek «harrotasuna berreskuratzeko» eta haien «pozak, zorigaitzak, ametsak eta nahiak biziarazteko» Aznavourrek egindako lana. Horrekin geratzen naiz… eta bere kantekin, noski.