Asier AIESTARAN
PILOTA

Elezkanok agerian utzi ditu Irribarriaren gabeziak

Bizkaitarrak oso maila ona eman du, kaiolara egokitu ezinik jarraitzen duen aramarraren aurka.

ELEKANO II.A 22

IRRIBARRIA 11


Danel Elezkanok Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxka jokatzeko txartela eskuratu zuen Tolosako Beotibar pilotalekuan, Iker Irribarriari 22-11 irabazita. Zaratamoko aurrelariak sasoi onean jarraitzen du, bakarkako lanetan azkenaldian eman duen maila bikainari segida emanez. Aramarrak, aldiz, ez du lortzen kaiolako distantzia laburrera egokitzea eta atzo ere kantxako neurrietara jarri ezinda ibili zen hasieratik.

Jar liteke adibide gisara partidako aurreneko tantoa: Irribarriaren ezkerkada, behetik gora joa, lau eta erdiko marratik kanpora joan zen, Elezkanori lehen abantaila emanez –neurketa osoan beti aurretik izan zen bizkaitarra–. Gero besteren bat iritsiko zen, 10-2an zabalera bidalitako pilotakada kasu. Baina akats jakinak baino –errematean ere pare bat argi izan zituen–, utzitako sentsazioa izan zen txarrena: ez dela eroso sentitzen, ez duela gozatzen.

Eta horretan Elezkanori ere eman behar zaio bere meritua, partida oso ona jokatu zuelako. Sakearekin min dezente egin zion Irribarriari –hiru tanto zuzenean eta beste asko sake-errematean–, pilota ederki mugitu zuen txokotik zabalera eta alderantziz –bi tanto, 9-2koa eta 12-4koa, horrelaxe lortuak izan ziren– eta erritmo oso bizia sartu zien jokaldi guztiei.

Tanto ikusgarriak asko, baina horietako batek, 5-2koak, arriskuan ipini zuen partida bera. Tiki-taka bizian ibili ziren bi pilotariak aurreko koadroetan, Irribarriak dejada ona bota zuen txokora, eta Elezkanok bere burua lurrera botaz, pilota harrapatu bakarrik ez, tantoa egin zuen zabalean. Baina jauzi horretan sekulako kolpea hartu zuen buruan ezker hormaren aurka. Zorionez, aldageletara sartu-irtena egin ostean, jokatzen segitzeko arazorik ez zuen izan, eta amaieran txantxetan “espabilatzeko” balio izan ziola ere aipatu zuen.

Ez dakigu bera esnatzeko ala Irribarria hozteko, baina egia da jokaldi horren ondoren Elezkanok beste bost tanto egin zituela jarraian, 6-0eko partziala sinatu eta markagailuan 10-2 ihes egiteko.

Gogotik saiatu zen Irribarria berriz ere partidan sartzen, eta tarteka-tarteka sekulako zertzeladak uzten zituen. Oso txalotuak izan ziren bere 10-4koa, zabaletik zabalera jotako pilotakada luze batekin, edota 13-5ekoan jo zuen horma-biko bikaina, Elezkanok usaindu ere ezin izan zuena. Baina txinparta horiek azkar itzaltzen ziren.

Partida erdialde horretan, esaterako, 13-7 hurbildu zen gipuzkoarra markagailuan, martxa hartzen ari zela ematen zuen. Baina hurrengo tantoan sake-errematean egindako gantxoa, lehen koadro barruan ia, beheko koltxoira bidali zuen zuzenean. Eta bigarren saiakeran, 15-9koa gantxo bikain batekin lortu bezain pronto, beste akats bat egin zuen. Gehiegi eta une txarretan, garaipena lortu ahal izateko.

Elezkanok ez zituen opariak barkatu eta denborarik galdu gabe 22-11kora joan zen, final-laurdenetako ligaxkan sartuz bigarren urtez jarraian. B multzoan dago, eta atzo ofizialki baieztatu gabe zegoen arren, printzipioz aurreneko partida datorren larunbatean jokatuko du Jakaren kontra.