OCT. 10 2018 KOLABORAZIOA Euskal futbol selekzioa: berragerpena, jarraipena, ala…? Martxel Toledo Garmendia Ia bi urte pasa dira azken partidua jokatu zuenetik eta berriro, ostiralean ariko da gizonezkoek osatutako euskal futbol selekzioa Gasteizko Mendizorrotza zelaian Venezuelaren aurka. Porrot modura definitu zuten Euskadiko futbol federazioak eta Jaurlaritzako Kirol Sailak 2016ko abenduaren 30ean San Mames futbol zelaian gizonezko euskal futbol selekzioak Tunisiaren aurka jokatutako partiduan gertatutakoa, alegia, 13.000 zaletu baino ez gerturatzea, eta, ondorioz, ohiko aldarrikapen girorik ez egotea ez harmailetan ez Bilboko karriketan. Jokalariek ere partiduaren ondoren egin zituzten adierazpenetan sentsazio berdina transmititu zuten eta denon artean zerbait egin behar zela adierazi. Logikoa ere bada kezkatuta egotea, finean, beraiek direlako lehen pertsonan, bere izerdiarekin selekzio ordezkatuz aritzen diren heinean, porrot horren ondorioak zuzenean pairatzen dituztenak. Aipatu bi instituzioek, barne hausnarketa egin ondoren, zioten Gabonetako eredua eta zikloa bukatutzat eman behar dela eta beste alternatiba batzuk guztion artean bilatu behar direla zaletuen itxaropena berreskuratzearekin batera, ofizialtasunaren bidean urrats berriak eta sinesgarriagoak emateko. Eta hori, FIFA datetan jokatzea dela azpimarratu zuten. Nire ikuspegitik beranduegi iritsi arren, urteak eta urteak eman ditugu hori bera esaten, hein batean ados nago hausnarketa horrekin, alegia, Gabonetako eredua eta zikloa bukatutzat eman behar dela, zeren bide horretatik ez gindoazen inora, egungo egoerara baino, alegia, etsipenera, frustraziora. Beraz, konturatu bagara gaitz erdi! Baina zein da ezberdintasuna urtean zehar FIFA datetan jokatzearen edo orain arte egin bezala Gabonetan egitearen artean? Bada, egin diezaiogun galdera hori bakoitzak gure buruari. Agerikoak diren ezberdintasunak aipatze aldera, bizpahiru nabarmenduko nituzke. Lehen biak kirol arlokoak dira. Lehena, FIFA datak selekzio ezberdinak lehiatzeko jarrita daudenez, jokalariek kluben baimena dute datotan jokatzeko, eta, zentzu horretan, euskal selekzioak aukera izango luke nazioarteko beste ligetan ari diren euskal jokalariak ere aukeratzeko. Bigarrena, selekzio indartsuagoen aurka aritzeko aukera, zergatik ez, horiek ere aipatu egunok partiduak jokatzeko erabiltzen dituztelako. Eta hirugarrena eta azkena, baina agian garrantzitsuena izan daitekeena ofizialtasunaren arloan, FIFA datetan selekzio ofizialak lehiatzen diren heinean, euskal selekzioak ere datotan jokatzeak nazioartera begira sinesgarritasunaren bidetik urratsak emateko aukera eskura jartzen du, besteak beste, erakusleiho gisa erabiltzeko balio dezakeelako. Baina, adi!, ez gaitezen itsutu FIFA datekin, hauek, aukera gisa onartu eta aurkeztu arren, datak baino ez direlako, eta orain arte bezala jarraituz gero, alegia, formatu berdinean noizbehinka partidu bat jokatuz, FIFA datak ere“ “tapagailu” data bihurtu daitezkeelako ofizialtasunaren arloan ezer ez aurreratzeko. Horregatik, hemendik aurrera, urrats sendoak eta atzera bueltarik gabekoak emateak izan behar du helburua, besteak beste, hiruko edo lauko torneoak antolatuz eta behingoz, UEFA eta FIFA erakundeetan euskal federazioaren sarrera eskaera eginez. Bestea jendea engainatzea baino ez delako. Horretarako, aipatu instituzioen aldetik, orain arte izan duten jarrerarekin alderatuta ausardia eta batik bat borondate politiko zintzoagoa behar da, ez baita nahikoa, aipatu bezala, noizbehinka partidu bat antolatzea eta jendea bertara eramatea horretarako ofizialtasunaren eta aldarrikapenaren amua erabiliz. Guztiok ikusi dugu Gabonetako azken partiduek zertarako balio izan duten, frustrazioa eta etsipena guztiongan sortzeko eta aldarrikapena ezerezean usteko. Horregatik, aurrera begira sinesgarritasuna berreskuratzeko, garrantzitsua litzateke futbol eremuko eragile, erakunde eta instituzio ezberdinen arteko elkarlana eta konpromisoa indartzea. Zentzu horretan, oso positiboa iruditzen zait EH Kirolak, eragile bezala, EAEko futbol federazioetan euskal selekzioaren ofizialtasunari begira egindako proposamena eta martxan jarritako ekimena, besteak beste, logikoena, ibilbide horren lehendabiziko urratsak etxetik, alegia, federaziotatik abiatuta egitea delako. Partidua promozionatzeko egindako bideotxoak dioen modura, euskaldunak badugu hizkuntza bat, badugu izaera bat, badugu nortasun bat, badugu kultura bat. Eta galdera da, zergatik ez euskal selekzioa bat? Bagare, bagire, bagara, bagera…. elkartuta jarrai dezagun urratsak ematen, merezi du eta. Ostiralean zita bat dugu Mendizorrotzan. Bertan ikusiko gara. Hemendik aurrera, urrats sendoak eta atzera bueltarik gabekoak emateak izan behar du helburua, besteak beste,hiruko edo lauko torneoak antolatuz eta behingoz, UEFA eta FIFAerakundeetan euskalfederazioaren sarreraeskaera eginez