GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Sexua, drogak eta rock-and-rolla


Futbolari izan nahi eta lortu ez zuen gurasoak seme-alabak futbolean apuntatzen ditu, gitarra Hendrixek baino hobeto jotzea amesten zuenak musika eskolara eramaten dituen bezala. Ezaguna da norberaren amets hautsia seme-alabak beteko dion esperantza traumatiko hori, baina “helduon” artean ez ote da kontrako norabidea jarri modan? Norberak sarri-sarri egin zuena orain besteei ukatzekoa?

Sagardotegira familian joan eta 12 urteko alaba upelera hurbiltzen bada, adi!, akaso guraso-agintea kenduko dizute-eta. 10 urteko semeak desio duen mohawk estiloko orrazkera ere tentuz hartzekoa da, kinki itxuratik porrotxo bat erretzera pasatzea pauso txiki bat dago-eta. Argi nerabezaro bero-beroan sarturik dagoen seme-alabak entzuten duen musika motarekin ere, halako taldek eta beste kantari hark sexua!!! eta drogak!!! baino ez dituzte ahoan hartzen-eta. Kontuz zure garaiera dagoeneko gainditu duen hori, lagunekin, Kilometroetara doalako, igual arrastaka ekarriko dizute-eta bueltan etxera.

Berdin du zeuk, haren adinerako, dozena bat aldiz oka egin bazenuen alkoholarekin dantzan aritu eta gero; berdin du zeuk zenbat zupada eman zenizkion estreinako porro hari; berdin du zeure gaztetako talde kuttuna Guns N’ Roses bazen... Berdin du: nik, bai; zuk, badaezpada, ez.

Garai txarrak dira hauek edalontziko izotza urtu arte dantzatzen aritzea zer den probatu nahi dutenentzat; zeruari tu egiten ikasten ari direnentzat; lege zenbait haustea, aukera baino, egitekotzat hartzen ari direnentzat... (mila esker, Kuraia) Garai txarrak dira rock-and-rollerako.