OCT. 20 2018 HAUR LITERATURA Lotara joateko ordua Xabier ETXANIZ ERLE Liburuko izenburuak adierazten duen moduan lotara joateko agindua edo garaia dela adierazten zaigu; azaleko irudiak, aldiz, bestelako errealitatea erakusten digu: ama ipuina irakurtzen, aita panpina batekin eta Xuban mutikoa, begiak zabal-zabalik, trenarekin jolasten. Irakurleak iradoki dezakeen bezala, eta are gehiago egile eta protagonista berberaren “Aitak esan dit” (Ttarttalo, 2017) ezagutzen dituztenek, kontu bat da hasierako itxura eta beste bat istorio honek kontatzen diguna. Narratzailea, lehen pertsona istorioa kontatzen diguna, Xuban dugu, eta bart jasotakoak kontatzen dizkigu: «Atzo gauean, zortzi eta erdietan, amak ipuin bat irakurri zidan. Ondoren, besarkatu, eta esan zidan: ‘Lokartu azkar, Xuban maitea’». Eta testuari laguntzen edo informazioa osatzen agertzen zaigun irudian Xuban ikus dezakegu ohean alboan ama duela liburu bat esku artean. Ama zortzi eta erdietan, aita bederatzietan, hamarretan ama berriro, ordu bata laurden gutxitan amona… denak saiatzen dira Xuban lokartzen; honek, baina, ez du lo egiteko inolako itxurarik. Eta jolas hori da, hain zuzen, egileek proposatzen digutena liburu honetan. Haurra lokartu nahian lo seko bukatzen duten nagusiak, eta hauek guztiak zaindu (estalkia ondo jarriz, eskuetatik liburuak eta panpinak jasoz, piztuta utzi duen telefonoa itzaliz) egiten dituen haurra. Pauline Martinek irudi sinple eta argiak erabiltzen ditu, pastel koloreak erabiliz irakurlearengan gozotasuna eta lasaitasunaren sentsazioak islatzen dituztenak. Orri guztietan antzeko egitura dugu, hasierakoetan eta amaieran testua dugu albo batean eta bestean irudiak; tramaren erdigunean, aldiz, irudi bakarrak hartzen du espazio guztia eta horrela jarraitzen du narrazioak erritmo motela irudikatuz nagusi guztiak lokartu eta Xubanek zaintzen dituen arte, orduan lau irudi ageri zaizkigu bizitasun eta ekintza ugariren berri emanez. Amaieran, aldiz, Xuban ikus dezakegu ohean lotan… hori bai, gau-mahaian dagoen erlojuak adierazten duen bezala goizeko laurak eta laurdenean! “Lotara!” istorio hau umore kutsua duen kontakizuna dugu, barrea baino irribarrea sortarazten duena eta irakurlearen konplizitatea bilatzen duena helduen aurrean. Xuban haurra heldu baten moduan ageri zaigu helduek bera ezin goberna dezaketen egoeran, eta, horrela, subertsio puntu bat ere badu istorio honek. Testuaren baina baita irudien bidez ere mezu asko adierazten eta azaltzen dituen istorio dibertigarri honek, neurri batean behintzat, barre egiten duelako helduon jokabideaz, behin eta berriz haurren nahia eta gogoa bideratu nahi izateaz. Amatxok «lokartu azkar, Xuban maitea» esaten dionean, honek «bai, bai, amatxo…» erantzuten dio, «eta nire trena atera nuen»; hots, haurrak gurasoen nahia errespetatu eta bete nahi du baina bere unea iristean. Eta heldu guztiak Xubanen inguruan ari diren bitartean, hainbat metodo eta saio eginez, hau bere trena muntatzen ibiliko da, martxan jartzen, eta, azkenean, trena bere helmugara iristean, orduantxe iritsiko zaio Xubani lotara joateko unea. «Goizeko lauretan, geltokira iritsi zen nire trena, bere orduan justu». Eta Xuban aho zabalik ageri zaigu, logale, lehen aldiz liburu guztian. «Gauza bera gertatzen da beti gurean: inork ez du bere ohean lo egiten. Nekatuta daudela esaten dute gero. Ez da harritzekoa!», diosku Xubanek ohera, bere gurasoen ohera, doan bitartean Istorio sinplea da, itxuraz behintzat, “Lotara!” hau. Oso aproposa haur txikiei kontatzeko altzoan daudela eta talde txiki batean, aproposa ere irakurtzen ikasten ari direnentzako, testu gutxi eta hitz sinpleak darabiltzalako, baina, batez ere, barre eta une atsegina igaro nahi dutenentzat da aproposa istorio hau.