GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Energia-txute moreak


Emakume bat ezagutu nuen aurrekoan, lagun baten bidez. Gizonezko lagun honek ezagutu zuen emakumea duela urte batzuk, ez asko, bere emakumezko bazkideak andre profesional feministen topaketa bat antolatu zuenean. Emakumeak esan zidan gonbidapena iritsi eta txundituta geratu zela, sekula parte hartu gabea zelako halako ekimenetan, ez feminista, ez, beste barik, emakumeen artekoan. Lotsa ematen omen zion feminismoan ibilbide luzea izango zutenen mailan parte hartzeak; hain zuzen, mailarik erakutsiko ez zuelakoan. Profesionaltasunaren aldetik, ez zuen kezkarik. Ingeniaria da, eta, noski, gizonez inguratuta eta, zatirik handiena, gizonek aginduta garatu du lanbidea. Une honetan, bere enpresako zuzendarietako bat da, «benetako erabakiak» hartzen dituztenetakoa, baina, «tamalez», oraindik ere bakarra. «Emakumea, profesionala eta, jakin barik, feminista nintzen orduan; orain, emakumea, profesionala eta, kontzienteki bezain kartsu, feminista naiz».

Hiriko kaleetan barrena genbiltzala, gauez, neska –eta emakume– kuadrilla mordoak inguratuta, kontatu zidan topaketa txiki hark begiak ireki zizkiola, kanpora eta, batez ere, barrura. Besteak beste, mota guztietako emakumeekin solastatu ostean, bere esperientziaren antzekoak eta ez hain antzekoak ezagutu ondoren, barruan egunero borrokatu behar zituen hainbat konplexu («lanean berdintasuna etengabe defendatzen dudalako astuntzat naukate, agian banaiz, beharbada ez daukat neurririk, akaso arrazoi dute», zirikatzaileena) desagertu egin zitzaizkion, eta lanean askeago, seguruago, sentitzen hasi zen. «Bakarrik sentitzeari utzi nion, nahiz eta egunerokoan, nire enpresako lan-esparruan, bakarra izaten jarraitzen dudan; ohartu nintzen zer-nolako beharra nuen, beharra dugun emakumeok, geure borrokak geure artean erabaki eta antolatzeko, eta elkarrekin egoteko, ez delako niretzako edo harentzako lorpena, guztiontzakoa baizik. Lehen jakin banu…».

Andreak badaramatza urte batzuk –«inoiz ez da berandu»– bere hiriko talde feminista batean parte hartzen, baita andrazkoen antzerki-talde «izugarri menopausiko eta dibertigarrian» ere. Premia omen dauka, eguna eremu hain maskulinizatuan emanda, ez bera ez beste ezein emakume inon bakarrik ez gaudela berresteko. «Gozamena izan da zu ezagutzea, 27an ikusiko dugu elkar Emakumeen Mundu Martxako XI. Nazioarteko Topaketan, Bilbon. Datorrela beste energia-txute more bat!».