OCT. 24 2018 IKUSMIRA Atxikimendutik bultza Alberto Matxain Nafarroako herri mugimenduak mugarri batzuk ezagutu ditu bere historia luze, oparo eta gogorrean. Denboran pixka bat atzera joanda, aipagarriak dira, adibidez, Itoitzeko urtegiko obretako kableen mozketa (ekintzak obrak urtebetez atzeratu zituen), edo Nafarroan bereziki indartsua izan zen zerbitzu militarraren kontrako mugimenduaren garaipena. Zalantzarik gabe, mugarri garrantzitsuena erregimena Nafarroako instituzio nagusietatik bota genuen eguna da, 2015eko maiatzaren 24a. Denak izan ginen beharrezko horretarako, herri antolatua, erregimen ustelaren kontra masiboki mobilizatu ziren milaka pertsonetako bakoitza, eta laukoa osatzen duten koalizio eta alderdietako bakoitza. Denak ezinbestekoak. Baita boto bakoitza ere. Aldaketa instituzionalak egoera berria sortu eta herri mugimenduari biderkatu zizkion: jai herrikoiak bakean garatzeko aukera, udalek utzitako espazio komunitarioak eta euskarari esparru berriak ireki izana, adibidez. Zenbaitzuek gehiago espero zuten, normala den bezala. Gehiago espero duena, ordea, ezin da zain gelditu, mugitu egin behar da eta indar nahikoa egin behar du, alderdi eta instituzioengan eragina izan nahi badu. Horren adibide da Kontseiluak Iruñean larunbat honetan euskararen ofizialtasunaren alde deitu duen manifestazioa. Euskararen esparruan aurrerapausoak nahi dituen orok aukera du ondorio errealak eduki ditzakeen indar kolektibo handia eragiteko. Herri bultzada beharrezkoa da esparru guztietan, ikuspegi orokorra galdu gabe, aldaketa instituzionalarekiko arduraz eta beste borrokekiko eskuzabaltasunez, aldaketa prozesua bultzatzeko.